Garikoitz Mendizabal (txistularia): "Txistuak bere lekua izan dezan bide luzea dugu egiteko oraindik"

Ana Abarisketa 2016ko otsailaren 10a

Ibilbide profesional luzea darama Garikoitz Mendizabalek txistuari lotuta. Nazioartean euskal musika tresna hau ezagutaraztea du helburu. Gaur bertan Madrilen joko du.

Zortzi urterekin hasi zen Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) txistua jotzen. "Oso goiz jakin nuen nire bizitza txistuari lotuta egongo zela", dio musikariak. Bilboko Udal Txistularien Bandako zuzendaria da, eta bakarlari gisa hamaika proiektutan parte hartu du. Bi hitzordu garrantzitsu ditu datozen egunetan: Madrilen, gaur bertan, eta, Errusian, datorren astean. Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra. (Ana Abarisketa) Madrilgo Teatro Monumental antzokian joko duzu gaur. Nolako emanaldia izango da? Madrilgo Udaleko Bandarekin batera arituko naiz. Entre el folclore y la literatura izena jarri die emanaldiari, eta bi zati izango ditu: lehenengoan, euskal folklorea landuko dugu txistuaren bidez; bigarrengoan, Franco Cesarini konpositore suitzarrak egindako obra bat joko du bandak aurrenekoz Madrilen, literatura izango dute ardatz. Ordubeteko emanaldia da, aurreneko zatia 25 bat minutukoa. Monumentalean jo duzu aurretik? Auditorio Nazionalean jo izan dut, baina Momunentalean aurreneko aldia izango da. Esan didate jendea oso gertu sentitzen dela bertan, bestean ez bezala, oso giro goxoa nabaritzen dela. Sentitu dut aurreko egunetan Madrilgo euskal komunitatearen eta Euskal Etxearen inguruan sortu dela halako giro bat. Benetan polita da kulturalki tradizio handia duen leku batean txistua hango bandarekin entzutea. Jendea saioa entzuteko gogoz dago, eta hori handia da niretzat, euskal giroa maite duen jendea joango da eta. Otsailaren 21ean, berriz, San Petersburgon joko duzu. Zer aurkituko du entzuleak? Otsailaren 18an aterako naiz hemendik: bi egunez entseatu, 21ean jo, eta hurrengo egunean itzuliko naiz. Txistu Symphonic proiektuan oinarritu naiz saioa prestatzeko. Txistu errepertorio bat interpretatzen dut proiektuan, orkestratuta ondo gelditzen dena. 2011n grabatu nuen Bratislavako orkestrarekin. Horri esker posible izan da txistua orkestrarekin naturaltasun osoz aritzea. Errepertorio horixe da, hain justu, San Petesburgon eskainiko dudana. Unai Urretxu eta biok igoko zarete oholtzara. Arrasateko musikaria da Unai, Hego Korean bizi da, eta berari esker joan nintzen hara. Tronboia jotzen hasi zuen bere ibilbidea, tronboijolea ere bada. Badira urte batzuk orkestra zuzendaria dela. San Petesburgon egondakoa da bera, eta berriz gonbidatu dute orain. Helburu antzekoak ditugu, eta sintonia ezin hobea elkarren artean. San Petesburgo, Bratislava, Madril edota Hego Korean eskaini dituzu saioak, besteak beste. Txistua nazioartean ezagutarazteko aukera izan duzu? Ez da ohikoena txistua kanpoko orkestrekin batera programatzea. Nire helburua da urte batzuk barru, errepertorio zabalagoa dugunean, nazioartean txistua jotzeko aukera gehiago lortzea. Apurka-apurka ari naiz noizbehinka kanpora ateratzen, baina txistuak bere lekua izan dezan bide luzea dugu egiteko oraindik. Halere, egia da kanpora ateratzen garen bakoitzean bere zirrara sortzen duela. Dohain hori badu txistuak. Zeintzuk dira dohain horiek? Txistuaren errepertorioa jotzen dugunean, izan sentiberazkoa edo birtuosoa, musikari eta entzuleengan antzematen dut arridura sortzeko gaitasun berezia baduela. Nola definituko zenituzke txistuaren emanaldiak? Sentimendu desberdinak sortzea gustatzen zait. San Petesburgon, esaterako, ordu erdi inguruko saioan momentu oso folklorikoak egongo dira, eta ondoren Irribarrea izeneko balada goxoa iritsiko da. Saio batek irauten duen 20 minutu horietan gauza asko gertatu daitezke. Aitor Furundarenarekin Euskal Herria zeharkatzen ere ari zara. Durangoko Azokarako Bi poliedro diskoa kaleratu genuen, eta biok emozionatuta gaude kalean izaten ari den emaitzarekin. Bi disko erabat desberdin dira: bata, musika klasikoari eskainia; bestea, folklorea, tradizioa, aitzinako musika eta dantza lantzen dituena. Eskusoinua eta txistua batu ditugu, eta emaitza oso berezia izan da guretzat, gustura gaude benetan. Zure egunerokotasuna txistuaren inguruan mugitzen da? Erabat, goiza Bilbon pasatzen dut Bilboko Udal Txistularien Banda zuzentzen. Entseguez gain, udaletxeko protokoloez arduratzen naiz, eta hamabostean behin Euskalduna jauregian jotzen dugu, urritik martxora bitartean. Denbora librea etxean ikasten pasatzen dut, neure bakarkako proiektuak garatzen. Ez dut ilusiorik galdu, eta saiatzen naiz gauza berriak eginez txistuarekin disfrutatzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide