Erniarraitz bertso sariketa iritsi da

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko otsailaren 9a

Igandetik aurrera, hiru kanporaketa jokatuko dituzte Azpeitian, Azkoitian eta Errezilen. Martxoaren 4an, ostirala, izango da sariketako finala, Azpeitiko Gaztetxean.

VIII. Erniarraitz bertso sariketa jokatuko dute Azpeitian, Azkoitian eta Errezilen datorren igandetik aurrera. Hiru kanporaketa izango ditu lehiaketak, eta martxoaren 4an jokatuko dute finala, Azpeitiko Gaztetxean. Bi urtean behin jokatzen dute Erniarraitz sariketa, bertso parran- darekin txandaka. Aurten, berritasun gisa, kanporaketak igandez jokatuko dituzte. Izan ere, ostiraletan eskolarteko txapelketako saioak izango dira, eta elkar ez zapaltzeagatik hartu dute erabakia. Hemezortzi bertsolarik parte hartuko dute lehian: sei parte-hartzaile kanporaketako. Horietatik finalera sailkatuko dira saio bakoitzeko irabazleak eta kanporaketa guztietan puntu gehien lortu dituzten hurrengo hiru lagunak. Eskualdeko lau bertsolarik abestuko dute sariketan: Erniarraitz elkarteko Oier Etxeberria, Jon Ander Iriondo eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrek; eta Zestoako Aitor Salegik. Eneritz Artetxe Erniarraitz elkarteko kideak azaldu duenez, saiatu dira bertsolariak Euskal Herri guztitik ekartzen eta kanporaketen "maila altua" bermatzen. "Denetik izango dugu: hasi berriak zein plazaz plaza dabiltzan bertsolariak. Halere, saiatu gara maila oneko taldeak osatzen, eta lortu dugula uste dut", adierazi du Artetxek. Erniarraitz bertsozale elkarteko kidearen hitzetan, urtetik urtera "indarra" hartzen ari da Erniarraitzen sariketa, eta bertsolarientzat erreferentzia bihurtzen ari da.

Etxeko gazteentzat plaza

Erniarraitz sariketaren helburuetako bat da "bertsolari gazteei plaza" ematea, eta horren erakusle da Erniarraitzeko gazteen presentzia. Horrez gain, bertsolariak aukeratzerakoan kontuan izan dituzte, besteak beste, lurraldetasuna, generoa eta aurreko kanporaketetan izan ez den jendea biltzea. Honako lanak egin beharko dituzte kanporaketetan: zortziko handia, zortziko txikia, bi punturi erantzutea, hamarreko txikia eta banaka bi bertso, gehienez, hamarreko neurrian. Kanporaketetara eta finalera joateko, hiru euro ordaindu beharko dituzte entzuleek. Artetxeren arabera, "gastuei aurre egiteko" erabiliko dute diru guztia: "Halako sariketa bat antolatzeak kostua du, eta hori berdintzeko jarri ohi dugu sarrera". Lehen hitzordua, beraz, igande honetan bertan izango da, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 17:30ean hasita.

Saioak

Lehen kanporaketa

Eguna. Otsailaren 14a, igandea. Ordua. 17:30ean. Lekua. Azpeitiko Sanagustin kulturgunea. Partaideak. Maialen Akizu, Malen Amenazar, Jon Gurrutxaga, Aratz Igarzabal, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika.

Bigarren kanporaketa

Eguna. Otsailaren 21a, igandea. Ordua. 17:30ean. Lekua. Azkoitiko Kultur Etxea. Partaideak. Maider Arregi, Oier Etxeberria, Oihana Iguaran, Amaia Iturriotz, Aitor Salegi etaAitor Servier.

Hirugarren kanporaketa

Eguna. Otsailaren 28a, igandea. Ordua. 17:30ean. Lekua. Errezilgo Borondegi aretoa. Partaideak. Xabi Igoa, Aitor Irastorza, Jon Ander Iriondo, Eñaut Martikorena, Eli Pagola eta Gemma Urteaga.

Finala

Eguna. Martxoaren 4a, ostirala. Ordua. 22:00etan. Lekua. Azpeitiko Gaztetxea. Partaideak. Hiru kanporaketetako lehen sailkatuak, eta puntu gehien lortu dituzten hurrengo hirurak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide