330 lagun baino gehiagok izena eman dute Zestoako I. Kobaz Koba Trailean

Ana Abarisketa 2016ko otsailaren 5a

Zestoako I. Kobaz Koba Trail, Zestoako Udala, kirola, mendi lasterketa, Arazi, Ekainberri, Josetxo Mendizabal, Agiro Mendi Kluba

Antolatzaile eta babesleak, Zestoako udaletxean egindako agerraldian. (Ana Abarisketa) Hasi da Zestoako I. Kobaz Koba Trailaren atzerako kontaketa. Datorren igandean ospatuko da lehia, otsailaren 14an. Bi ibilbide prestatu dituzte: 25 kilometrokoa bata, eta 16koa bestea. Amalda, Erralla, Danbolinzulo, Arluze, Ekain, Erlaitz eta Irikaitz Historiaurreko haitzuloak eta aztarnategiak lotuko ditu mendi lasterketak. Momentuz 335 lagunek izena eman dute lehiaketan: 193k 25 kilometroko ibilbidean, eta 142k 16koan. Antolatzaileek 400 parte hartzaileko muga jarri dute. Lasterketa 09:30ean hasiko da Zestoako herrigunean, bukatu ere leku berean egingo da. Sari banaketa eta zozketak 14:ooetatik aurrera izango dira. Kobaz Koba Traila Mendi lasterketa Lehen gizakiaren bidetik leloa hartuta antolatu du Arazik eta Agiro Mendi Klubak, Zestoako Udalaren babesarekin. Atzo, ostegun arratsaldez, eman zituzten antolatzaileek probaren xehetasun guztiak. Agerraldian parte hartu zuten Juanjo Aranburu Araziko zuzendariak, Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak, Montse Atxega zinegotziak eta Mikel Irure Agiro klubeko kideak, besteak beste. Mendizabalentzat "ekimen ezin hobea" antolatu dute, "herria kanpora ateratzen lagunduko duelako". Mikel Irurek jakinarazi zuen 60 boluntariok izena eman dutela momentuz, baina gehiagoren beharra izango dutela. Gabon ostean hasi ziren mendi lasterketa prestatzen: "Arazikoak eta Agirokoak ibilbide neurtuak antolatzen genituen batera, eta ikusi genuen posible zela horrelako zerbait antolatzea". I. Kobaz Koba Trail lasterketaren bideoa ere egin dute hiru zestoarrek.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide