(E. Albizu Lizaso)
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ez badu errespetatzen
Urola Erdiko Mankomunitateak Lapatxen inguruan hartutako erabakia, Azpeitian
herri galdeketa egingo dutela iragarri zuen atzo, asteartea, udal gobernuak, ohiko batzarrean. Hori dela-eta, agerrialdia egin dute gaur, asteazkena, Azpeitiko udal gobernuko zortzi kidek, eta erabaki hori berretsi dute. Honakoa adierazi du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak: "Lapatx ixteko erabakia hartu dugu, hori aldatzea nahi badute, azpeitiarrek hala erabaki dutelako izango da. Azpeitiarrek erabakiko dute, gure hautua blindatuz edo aldatuz".
"Lau urtean behin bozkatzea ez da nahikoa", nabarmendu du alkateak. Hori dela-eta, esan du GHK-k "edozer proposamen" duela ere, hura "publiko egiteko": "Horrela, azpeitiar guztiok batera hartuko dugu erabakia".
"Elkartasunez", 27 urtez
Etxeberriak gogorarazi du azpeitiarrek 27 urte daramatzatela "elkartasunez" zaborrak jasotzen. "Arrazoi asko medio, Lapatxen bizitza luzatzen joan da, eta gordina da errealitatea: Lapatx da Gipuzkoako zabortegi bakarra", nabarmendu du. Beste zabortegi guztiak "arrazoi politikoengatik" itxi dituztela azaldu du.
"Bakarrik gelditu gara, eta beste guztiek zabortegiak itxi egin badituzte ere, batzuk ausartu egiten dira esatera insolidarioak garela", adierazi du.
Lapatxek alternatibak izatea "lasaitasuna" ematen diela esan du Etxeberriak. Horrela, astelehenean Lapatx handitzeko eskaerari ezetz esan zioten. Halere, alkatearen hitzetan, "harridura" sortu diete azken egunetan prentsatik ezagutu zituzten zenbait datuk: "75 euro ordaintzen dute Lapatxera zaborra ekartzeagatik; Kantabriara zaborra eramateko, prest daude 96 ero gehi garraio gastuak pagatzeko. Zergatik ez zaie azpeitiarrei konpensazio ekonomiko hori ematen? Gutxienez, azken hilabete hauetan bada ere".
Diru kontuak medio, "bi interesen arteko talkaz" hitz egin du Etxeberriak: osasuna eta ekonomia. "Batzuek defenditzen dute gipuzkoarrek zaborra ahalik eta gutxien ordaintzea, eta guk azpeitiarren osasuna eta aire garbia izateko eskubidea defenditzen dugu". Alkatearen arabera, "denek ulertu behar dute" bi eskubideen arteko talkan "azpeitiarren osasuna gipuzkoarren poltsikoaren aurretik" dagoela.