Lurraldebusen ibilbide eta ordutegi berriak larunbatean hasiko dira

Ana Abarisketa 2016ko otsailaren 2a

Lurraldebusek iragarritako ordutegi eta geldialdi berriak larunbatetik jarriko dira abian. Egun horretan inauguratuko dute Donostian Atotxako autobus geltoki berria.

Larunbatean inauguratuko dute Donostiako tren geltokiaren ondoan egin duten autobus geltoki berria, Atotxan. Egun horretan bertan jarriko ditu martxan Lurraldebusek iragarritako aldaketak autobus zerbitzuen ibilbideetan eta ordutegietan. Hasieran, urtarrilaren 16rako iragarri zuten Atotxako autobus geltoki berriaren inaugurazioa, ke proban arazoak atzeman zituzten suhiltzaileek, ordea, eta bertan behera gelditu zen inaugurazioa. Ordutegiei dagokionez, autobus zerbitzuen maiztasuna handituko dute datorren larunbatetik aurrera: astean zehar orduerdiro egongo dira autobusak, eta asteburuetan eta jaiegunetan ordutegi aldaketak egongo dira.

Amaran geltokirik ez

Berrikuntzen artean dago Azkoitia-Donostia lineako autobusak  Amaratik ez pasatzea larunbatetik aurrera. Erabiltzaileen artean eztabaida gehien sortu duen erabakia da hori, hain justu. Autobusek ez dute geldialdirik egingo Pio XII.ean (Amaran), eta San Martin 25eko geralekutik Askatasunaren Hiribideko 24ko geltokira joango dira. Azkoitia-Donostia linearen erabiltzaile batek Change.org plataformaren bidez sinadura bilketa jarri zuen abian, eta 1.620 atxikimenduren mugara iritsi da La Guipuzcoanako autobusek Amarako geltokian geldialdi teknikoa egiteko eskaera. Azpeitiko Udalak ere "urgentziazko bilera eskatu" zion aldundiari. Lurraldebusen ordutegi eta ibilbide guztien kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dago. Hitza saiatu da aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa sailarekin harremanetan jartzen, baina ez du erantzunik jaso.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide