Mediku bat gehiago izango dute Zestoako osasun etxean

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko urtarrilaren 28a

Zestoako anbulatorioan sendagile bat gehiago egongo da aurrerantzean, egun erdiz. Orain artean bi medikuk eta pediatra batek lan egiten zuten herriko osasun etxean. Bi medikuetako batek Sanjuan egoitzari eta Gisasola zentroari ere zerbitzua eskaintzen zienez, "hankamotz" gelditzen ziren anbulatorioan, Josetxo Mendizabal alkateak azaldu duenez. Gainera, Zestoako auzoetara irteerak egin behar izaten dituzte medikuek, eta "ezin iritsita" ibiltzen dira. Egoera ikusita, udalak errefortzua eskatu zion Osakidetzari urrian. Izan ere, alkatearen arabera, beste udalerriekin alderatuta, Zestoako zerbitzua ez da "behar bezain ona". Osakidetzako ordezkariek agindu zieten gaia aztertuko zutela; eta, azkenean, Jaurlaritzatik arrazoia eman dietela esan du Mendizabalek. "Zerbitzu kontuetan ez dago kolore politikorik, ahalik eta lan gehien egingo dugu anbulatorioko zerbitzua indartzeko eta itxaron zerrendak murrizteko", adierazi du.

Mediku euskalduna

Urtarrilean zen lanean hastekoa Zestoako mediku berria, baina une horretan sendagile euskaldunik ez zegoela-eta, otsailera atzeratu dute epea: "Hemen garrantzitsua da euskara, eta zain egoteak merezi zuela erabaki genuen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide