Doako TAO zerbitzua jarriko du Zestoako Udalak erdigunean

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko urtarrilaren 28a

Gesalaga kalean eta Euskal Herria plazan jarriko dute zerbitzua, otsailaren 1etik aurrera ."Herriko merkataritza sustatu" eta "bezeroei erraztasunak eskaintzea" du xede.

(N. Uranga) Zestoako Udalak doako TAO zerbitzua jarriko du herriko erdigunean, otsailaren 1etik aurrera. Goiz eta arratsaldez egongo da martxan, astelehenetik ostiralera —09:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara—; eta, goizez, larunbatetan —09:00etatik 13:00era—. Josetxo Mendizabal alkateak dioenez, herritarrei erosketak egiteko "erraztasunak" ematea da helburua. "Herriko merkataritza sustatzeko era bat da. Gainera, auzo asko ditu Zestoak, eta herrigunera datoztenei aparkatzeko bermea eman nahi zaie". Gesalaga kalean eta Euskal Herria plazan, anbulatorioaren aurrean, jarriko du TAO zerbitzua udalak, eta herritarrek aukera izango dute autoak 90 minutuz aparkatzeko. Mendizabalen arabera, merkatariekin hitz egin dute udal ordezkariek neurri berria hartu aurretik: "Duela hiru hilabete hasi ginen bilerak egiten, eta denentzat ona den erabakia hartzen saiatu gara". Orain urte batzuk jarri zuen Zestoako Udalak sistema bat, nolabait, erdiguneko zirkulazioa mugiarazteko. Merkatariek erloju itxurako kartoi bat ematen zieten bezeroei aparkatzeko, eta haiek txartel hori utzi behar zuten autoetan. Hala ere, eredu hori "baztertuta" dagoela azaldu du alkateak, eta dagoeneko ez dela erabiltzen. Azkoitiko Plaza Berrian ere doako TAO zerbitzua erabiltzen dute, eta azkoitiarrekin kontsultatu ostean, erabaki dute aukera ona dela hori.

Datu parktikoak

  Zestoako Udalak eskuorri bat banatuko du datozen egunetan herrian, etxez etxe. Ohiko zalantzak bildu dituzte bertan. Esate baterako, honako oharrak eman dituzte idatziz: autoaren aurreko panelean jarri behar da TAO txartela, eta jartzen ez dutenek hamar euroko isuna izango dute. 90 minutuz utz daiteke autoa aparkalekuan, eta isuna jarriko dute denbora-muga errespetatu ezean: sei eurokoa denbora tartea ordubete baino gutxiagoan pasatuz gero; 10 eurokoa, denbora gehiago edukiz gero. Bestalde, egun berean, behin baino gehiagotan atera daiteke TAO txartela, baina bi orduko epea pasatu ondoren. Isunak ordaintzeko hamabost egun daude, eta TAO makinan edo Zestoako udaletxean pagatu behar da. Zestoako alkateak azaldu du herritarrek sistema ezagutzea nahi dutela lehendabizi: «Hasieran, ez dira isun asko jarriko. Azalpenak emango zaizkie erabiltzaileei, ohitu arte; batik bat, adinekoei».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide