Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoako Foru Aldundiatik jaso du finantzabidea. Enpresen lehiakortasuna lortzea helburu, bost proiektu garatzera bideratuko dute sarrera Urola Erdiko erakundetik.
Iraurgi Berritzen, Azkoitiko eta Azpeitiko udalen garapen eta berrikuntza erakundeak, 200.000 euroko finantzibidea lortu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, bailarako enpresentzat berrikuntza proiektuak garatzeko.
Iraurgi Berritzenek bost proiektu nagusitara bideratuko du diru sarrera hori: enpresen arteko partaidetza sustatzera, Urola Erdiko enpresa traktore eta hornitzaileen arteko lankidetza bidez eskualdeko ekonomikoa areagotzera, adimen lehiakorra sustatzera, industria 4.0 kontzeptua garatzera eta enpresa arteko ekonomia zirkularra garatzera.
Azken proiektua garatzeko, esaterako, hiru eskualderen arteko lankidetza landuko dute: Goierri, Oarsoaldea eta Urola Erdia. Elkarlanean industria hondakinen inguruko azterketa bat egingo dute: "Ekonomia zirkularraren kontzeptua bultzatzen ari dira orain Europa aldetik, eta asko barneratu da hemen. Hondakinak lehengaia nola sortu lantzen du ideia horrek", azaldu du Begoña Beobide erakundearen zuzendariak.
Lehiakorrak izatea
Beobidek garbi ditu proiektu hauek garatuz bete nahi duten helburua: "Eskualdeko enpresen lehiakortasuna lortzea". Bailarako enpresen egoeraz galdetuta, gaur egungo merkatu eredu berrietan "lehiakorrak" izateko "gogotsu" ikusten ditu Iraurgi Berritzeneko zuzendariak. Beobidek argi du, baita ere, enpresen arteko elkarlana bultzatu nahi dutela. Horretarako erabiltzen dute Hornituz proiektua. Proiektu hauek guztiak martxan jartzeko "sukaldeko" lan handia egin behar dutela ere aitortu du.
Iraurgi Berritzenek Aizarnazal, Zestoa, Beizama, Errezil, Azpeitia eta Azkoitiko enpresekin egiten du lan.
Kidetuz, altzari eta egur sektorearen lankidetza sarea
Urola Kostako hiru garapen agentzien artean —Iraurgi Beritzen, UGGASA eta Urola Kostako Udal Elkartea— Kidetuz proiektua landu dute, egur eta altzari sektoreko enpresei sendotzen laguntzeko eta produktu eta merkatu berriak bilatzeko, enpresa horien jarduera dibertsifikatzeko eta lehiakorragoak izateko.
Urola Kidetuz proiektuak hiru urteko iraupena izan du, 2013an hasi eta 2015a bitartekoa. Tarte horretan garatu dute proiektua, Enplegu Estrategikoak PO FSE 2007-2013 arautzen duen programaren barruan. Ikuskera eta filosofia aldetik, jatorritik bertatik proiektu irekia izan dute, sektorearekin harreman zuzena duten beste eragileekin elkarlana landuz, eragile publiko nahiz pribatuekin.
Programari bukaera emateko, parte hartu duten enpresen katalogoa egin dute, enpresak ezagutzera emateko.