(E. Albizu Lizaso)
Marka berria ezarri du Joxe Ramon Iruretagoiena
Izeta II.ak Iraetako Santa Ines jaietan. 60 aldiz altxatu du Iraetako Errota Harria, 108 kiloko bola. Orain artean inork ez ditu indarrak neurtu hamar minutuko txanda bakarrean. Harri-jasotzailea "gustura" dago eginiko jasoaldiekin, buruan zifra hori zuela joan baitzen Iraetara: "Urduri jarri nintzen hasieran, hezetasuna zegoen, eta ihes egiten zidan harriak. Bukaerarako, ordea, gustura gelditu nintzen".
Bi urtean behin jokatzen da Iraetako Errota Harria txapelketa, baina aurten arte, bost minutuko txandatan lehiatu izan dira harri-jasotzaileak. Bost minutuan jasoaldi gehien egiten zituzten lau harri-jasotzaileek beste bost minutuko txanda bat egin ohi zuten. Modu horretara, Aimar Irigoien errezildarrak du marka, 79 jasoaldirekin.
Azken urteetan bezala egitekoa zen aurten ere Iraetako Errota Harriaren txapelketa, baina lesioak eta halako beste arazo batzuk tarteko, izetarrek soilik eman zuten izena lehian. Hori dela-eta, Izeta II.ari "mesede bezala" eskatu zioten antolatzaileek marka egitea. Aiarra bost minutuko txandetan lan egiteko zegoen prestatuta, beraz, "ustekabean" jaso zuen berria: "Astebete eskas lehenago abixatu zidaten, eta oso azkarra izan da prestaketa". Iruretagoienaren arabera, erronka "behar bezala" egiteko, "bi hilabeteko epea" beharko luke.
Lehen marka jarri du, beraz, Izeta II.ak. 48 urterekin, 60 aldiz jaso du Iraetako Errota Harria, hamar minutuko txanda bakarrean. "Nik marka laga dut, pertsonak gara, eta, agian,norbaitek gaindituko du hori, baina egindakoa hortxe dago", azaldu du.
Izeta II.aren markaz gain, erakustaldiak egin zituzten Iraetan beste kirolari batzuek: aizkoran aritu ziren Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra. Harrijasotzaileen artean, Izeta III.a, Izeta IV.a eta Jon Peña izan ziren. Azken horren estreinaldia izan zen igandekoa; Izetaren eskolakoa da, hain zuzen, Peña gaztea.
Abadiñon hurrengoa
Abadiñorako ari dira prestatzen orain Joxe Ramon Iruretagoiena eta Hodei Iruretagoiena aita-semeak. Otsailaren 3an, San Blas eguneko ferian, marka berria jarri nahi dute. Esku batekin arituko dira, eta hamar minutuko txanda librean 100 kiloko zilindroa altxatu beharko dute Izeta II.ak eta Izeta IV.ak.