Inaziotar Bidea indartzeko egitasmoa aurkeztu zuten erakundeek pasa den uztailean. (Eneritz Albizu Lizaso)
Inoiz baino bisita gehiago izan zituen Loiolako Turismo Bulegoak pasa den urtean. Denera 30.746 bisitarik jo zuten bulegora bertan eskaintzen duten informazio zerbitzua jasotzera; 2014ko datuekin konparatuz gero, %13 gehiago. Bisitari kopuruen joera goraka doa urtez urte, duela bi urte ere inoiz baino turista gehiago izan ziren Loiolako bulegoan, apiriletik abendura artean, 27.287 bisitari.
Aste Santuan hasten da bisitarien zenbatekoa goraka. 2015ean ere abuztutik aurrera antzeman zuten igoera bulegoko langileek. Udan, abuztuan, inauguratu zuten Loiolako bulego berria, eta ordutik turista gehiago animatu dira bulegora sartzera. Abuztutik abendura, 17.928 denera.
Loiolako bulegora sartu diren bisitariek basilikaz galdetzen dute gehin bat. Langileek, halere, Urola Erdiko informazio zabala ematen die, sei ataletan banatuta: Basilika eta santutegia, Urola Erdiko herrien inguruko informazioa, hiru tenpluen ibilbidea, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa, mendi ibilbideak eta Urolako bide berdea eta Inaziotar Bidea.
Taldean datoz gehienak
Turismo bulegoko informazioen arabera, taldean bisitatzen dute gehienek Loiola. 27.287 bisitaritik 21.551 taldean atorri ziren; banaka, 9.195. «Aipatzekoa da bakarkako bisitari kopurua igotzen ari dela, denera 2.063 gehiago etorri ziren iaz», azaldu du Oihana Aranbarri Loiolako bulegoko arduradunak. Bisitarien %45,29 Espainiako estatutik datoz, 13.919, zehazki: "Madrildik, Valentziatik eta Andaluziatik datoz gehienak, azken toki horietatik gainera geroz eta gehiago animatzen dira. Herrialde Katalanetatik 2.273 etorri ziren Urola Erdira iaz, 2014an baino zertxobait gehiago".
Atzerritarrak ere geroz eta gehiago dira, 30.746 lagun, 2015ean. "Frantziatik asko etortzen dira, baita estatubatuarrak eta asiarrak ere. Azken hauek filipinarrak, korearrak eta malaysiarrak dira".
Inaziotar bidea, goraka
Loiolako basilika jarraitzen du izaten turista gehien erakartzen dituen tokia. Era berean, goraka doa Inaziotar Bidea ezagutzeko jakin-mina. Iaz inauguratu zuten ibilbidea, eta arrakasta handia izaten ari da ordutik: "Inaziotar Bidea ezagutzera asko etorri dira inauguratu zutenetik, gainera ohitura dute aurreko egunean Azpeitiko Madalena baseliza bisitatzeko". Iazko uztailaren bukaeran jaso zituzten bisita gehien, batez ere, foro eta jubileu urtearen hasierarekin bat eginez.
Behin turista bulegoan dela, bailarako informazio osoa emateko ohitura dute. "Aurten nabarmena izan da inguruko herriak ezagutzeko azaldu duten interesa", gehitu du Aranbarrik: "Azpeitiko mapak oso harrera ona izan du bisitariengan. Askok ez dakite Loiola Azpeitian dagoela, eta informazioa ematen diegunean herrira joaten dira". Inguruko gainerako herrien azalpenak ere ematen dizkiete Loiolan.
Horrez gain, Gipuzkoako barrualdeko hiru tenpluen ibilbidea ezagutzeko interesa ere antzeman dute: Loiolako santutegia (Azpeitia), Antiguako ermita (Zumarraga) eta Arantzazuko santutegia (Oñati). "Nahiz eta bisitari askok ez duten hiru tenplu izenarekin ezagutzen, zeregin horren inguruan asko galdetzen dute. Arantzazura edo Antiguara nola joan galdetzera ere etortzen zaizkigu".
Aurreneko aldiz bulegora sartzen direnek basilikaren eskuorria nahi izaten dute, Aranbarrik azaldu bezala.
Mendien gorakada
Urtez urte zabalduz doa Urola Erdiko eskaintza. Zentzu horretan mendi ibilbideen eta bide berdeei buruzko informazioa eskatzen duten bisitariak ere gehiago dira. "Izarraitzi buruzko liburuxka bisitari askok hartzen du, eta Tolosaldera joateko asmoa dutenei ere Errezilgo bidea erakusten diegu".
Turismoko goi denboraldian bi langile egoten dira Loiolako bulegoan, behe denboraldian, bakarra. Bulegoan eskuorriak izateak asko lagundu die bidaiariak ondo informatzeko, Aranbarriren esanetan.