Iraurgi Berritzeneko Turismo sailak gaur jakinarazi ditu Urola Erdiko turismo bulegoko 2015eko datuak eta datu horien gaineko balorazioa egin dute Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak, Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak eta turismo bulegoko arduradun Oihana Aranbarrik.
Garapen agentziako ordezkarien arabera, iaz 30.746 bisitari bertaratu ziren bulegora, eta aurreko urteetako kopuruak "gainditu" ziren: "2014ko datuekin alderatuz gero, %13 igo da bisitarien kopurua. Gorakada, batez ere, abuztutik aurrera nabaritu da, Loiolako santutegi aurrean bulego berria abian jarri zenetik. Iazko abuztutik abendura bitartean, 17.928 bisitari igaro ziren bulegotik eta 2014an, sasoi berean, 14.473 bisitari. Hala, bisitari kopuruak %24 egin zuen gora 2015ean, aurreko urteko datuekin alderatuta.
Iraurgi Berritzenek datuen balorazio "positiboa" egin du: “Bulegoa toki berrian zabaltzeko apustu garrantzitsua egin zen, turismo jarduera indartzeko eta tokiko ekonomia sustatzeko; sei hilabeteko denbora laburrean, eta etorkizunera begira, datuok itxaropentsuak direla uste dugu”. Horrez gain, eskualdeko sustapen turistikorako bulego berria bezalako "tresna indartsua" edukitzeak sailaren jarduerarako "exigentzia maila" ere igoarazi duela esan dute: “Aurretik dugun erronka handia da eta mezua argia: turista gehiago etortzeko bidea egin dugu Loiolan, beraz, turista gehiago bideratu behar ditugu gure udalerrietara”. Gainera, bisitarien goradaka "Euskal Herrian, orokorrean, turismo jarduerak gora egin izanak" ere eragin duela uste dute.
Bisitarien %70 bidaia antolatuetan eta taldean etorri ziren. Dena den, euren kasa etorritako bisitariak 2014an baino 2.100 gehiago izan dira. Jatorriari dagokionez, espainiarrak izan dira bisitarien %45; eta barne turismoak eta atzerritarren bisitak ere gora egin dutela jakinarazi dute.