Suteen prebentziorako sistema mantenduko du Zestoako Udalak

Ana Abarisketa 2016ko urtarrilaren 15a

Suteen prebentziorako sistema, Zestoa, Zestoako Udala, Atiempo

Montse Atxega Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Jon Ensunza (Atiempo) eta Irati Aranguren Gizarte Langilea. (Hitza) Iaz egin bezala, bakarrik edota beste adinekoren batekin bizi diren 80 urtetik gorako nagusiei suteen kontra aurrea hartzeko sistema etxean jartzeko aukera eskainiko die aurten ere Zestoako Udalak. Egitasmoaren helburua da erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzea eta beraien familia guneetan mantentzea posible egitea. Prebentzio sistema martxan jartzeko beharra ikusten du udalak, arazo larriak saihestuz. Estatistikek diote etxeetan gertatzen diren istripu gehienak suak eragindakoak direla, eta horietatik erdia pertsona nagusien etxeetan gertatzen direla.

Sistema, 82 etxebizitzatan

2015ean, 80 urtetik gorako 95 herritarrei eskaini zion udalak suteen prebentzio sistema jartzeko aukera. Horietatik 82 etxetan jarri zuten sistema; zazpi herritarrek ez zuten nahi izan eta gainerako seiak bestelako arrazoiak eman zituzten (helbide aldaketa, bizitokia egoitza izatea...). Gehinetsuenek, beraz, suteen kontrako prebentzio sistema dute etxean. 2016an Zestoako adin-tartea jaitsi egin da, eta 75 urtetik gorakoek izango dute sistema jartzeko aukera aurrerantzean, iazko baldintza berdinekin. Guztira 100 detektagailu jarri dira. Programaren helburua da arrisku egoeren aurrean erreakzio denborak murriztea, eta, bide batez, etxearen azterketa egitea. Prebentzio sistemaren gastua Zestoako Udalak ordaintzen du: detektagailuak eta prebentzio edo ebakuazio planaren kostua ordaintzen du. Atiempo enpresak eskaintzen du zerbitzua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide