Sastarrain Baserri Eskola. (Hitza)
Badira 25 urte Sastarrain Baserri Eskola sortu zutela. Ordutik hamaika istorio gordetzen ditu Zestoako Ekainbidean kokatzen den eskolak. Bertako nahiz nazioarteko bisitariak izan dituzte ateak ireki zituztenetik, eta esparru berrietara zabaltzea dute helburu, pixkanaka.
Eskaintza zabala du egun Sastarrainek: ume eta helduei nahiz familia, elkarte edota norbanakoei zuzendutakoa. Ikastetxeek ere badakite Sastarrain mapan kokatzen, Euskal Herritik gerturatzen dira Zestoara. Itziar Egialde baserri eskolako koordinatzailea da: "Familia askok egunpasak antolatzen dituzte; goizean ukuilua ikusten dute gero bertan bazkaltzeko, eta arratsaldean pottokekin ibiltzen dira". Ekintzak gustuen arabera moldatu daitezkeela dio, halere. Zeregin horien guztiez gain, ogia egiteko tailerrean parte hartu, baratzea zaindu edo erlezaintza ikastaroan kandelak egiten ikas dezakete.
Ogia egiten ikasteko tailerra ere antolatzen dute baserrian. (Hitza)
Sastarrain baserri eskolaren helburuetako bat da gunea ezagutaraztea. Horretarako landa eremura gerturatzen dituzte bisitariak: "Jende askok ez du aukerarik animaliekin kontaktuan egoteko, eta Sastarrainek ematen die aukera hori".
Sastarrain Baserri Eskola urte osoan zehar dute zabalik, sasoiaren arabera joera aldatzen duten arren. Udalekuak ere antolatzen dituzte. Kasu batzuetan, Zestoako elkarteek beraiek antolatutako udalekuak egiteko aprobetxatzen dute lekua; beste kasu batzuetan, baserri eskolak berak antolatzen ditu. Uztailean eta abuztuan, esaterako, ingelesa ikastekoak antolatzen dituzte. Txanda ezberdinak prestatzendituzte, adin ezberdinetako haurrei eta nagusiei zuzenduta.
Pottoken aldeko apustua
Pottoken erabilera sustatu nahian dabiltza azkenaldian Sastarrainen. 2013an hasi ziren proiektu hori garatzen eta urteen poderioz forma hartuz joan da. Hamahiru pottoka dituzte orain eta jarduera ezberdinak eskaintzen dituzte. Kirolarekin du zerikusia horietako batek: inguruko gaztetxoak hipikara gerturatu daitezen baliatzea. Familia zein norbanakoek ere erabiltzen dituzte, paseoak emateko adibidez.
Argibide gehiago lortzeko honako bideen bidez jarri daiteke harremanetan eskolarekin:
sastarrain@satarrain.com helbidean edo 943-14 81 15 telefono zenbakira deituta.