Goikoetxeak eta Altunak epaileak erabaki zain egon beharko dute

Ana Abarisketa 2016ko urt. 14a, 10:35

Astearte eguerdian deklaratu zuten Nerea Goikoetxea zestoarrak, Asier Altuna azkoitiarrak eta beste 20 kidek. Akusazio guztiak ukatu zituzten epailearen aurrean.

Nerea Goikoetxea zestoarrak eta Asier Altuna Lapatza azkoitiarrak astearte eguerdian deklaratu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste hogei euskal herritarrekin batera. Fiskalaren galderei ez erantzutea erabaki zuten ezker abertzaleko kideek, eta defentsaren galderei soilik erantzun zien. "Deklarazioa uste genuena baino azkarragoa izan zen", esan dio Urola Kostako Hitzari azkoitiarrak. Deklarazioaren sentsazioez galdetuta, "ona" izan zutela dio Altunak. "Madrilgo egoera oso ezegonkorra da momentu honetan, eta ezin da jakin. Hala eta guztiz ere, eta nahiz eta guk aurretik esan galderak ez genituela erantzungo, fiskalak ez zigun galdera bat bera ere egin", jakinarazi du. 2008an ere deitu zituzten deklaratzera, EHAKren kontuekin lotuta, baina orain arte sumarioa sekretupean egon da. Fiskalak "kapitala zuritzea" eta "erakunde terrorista laguntzea" leporatzen die 22 lagunei. "Banan-bana azaldu genion epaileari ez dugula inolako deliturik egin, gure lana egiteagatik jaso genuen diru kopuru bat zela". Deklarazioa hartu ostean, aske utzi zituen epaileak, baina karguekin. "Orain ikusi beharko dugu fiskalak zer eskaera egiten duen". Erabaki horrek baldintzatuko du aurrerantzean epaiketa egingo den ala ez. Goikoetxeari eta Altunari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin zituzten asteartean Zestoan eta Azkoitian.

Akordioa lortuta

Auzi horretaz gain, beste 35 euskal herritar deklaratzera deituta zeuden asteartean Madrilera, Espainiako Auzitegi Nazionalera. Horien artean zegoen Antton Gomez Zestoako bizilaguna. Atzo jakinarazi zuten, halere, 04/08 sumarioaren auzian akordioa lortu zutela. Ondorioz, auzipetuak ez dira kartzelara joango. AVTk eta Dignidad y Justicia herri akusazioek onartu egin dute zigorrak murriztea, biktimei erreparazioa eman nahi izateagatik. Denera, urte eta erdi, eta urte eta zortzi hilabeteko zigorrak adostu dituzte. Auzipetuek akusazioak onartu dituzte. Halere, "indarkeriazko jarduera ororen" aurkako konpromisoa azaldu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide