"Lehentasunezko lan-ildoak" zehaztu ditu Zestoako EH Bilduk

Zestoako Hitza 2016ko urtarrilaren 13a

Joan den urtarrilaren 3an, Zestoako EH Bilduk deituta, egun osoko hausnarketa saioa egin zuten 50 bat lagunek Sastarrainen. EH Bilduren arabera, "oposizioan emango ditugun urteei begira lehentasunezko lan-ildoak finkatzea" izan zen bilkuraren xedea. Zestoako koalizioko kideek azaldu dutenez, "helburuak bete" zituzten: "Zestoa hobe baten bidean etorkizunera begirako bide-orri bat marraztu genuen. Udal Gobernuaren noraezaren aurrean, EH Bilduk zestoarrentzat proiektu bat dauka. Oposizio eraikitzailea egingo dugu, beraz, proposamenetan oinarritua". EH Bilduren arabera, hiru dira "lehentasunezko lan-ildoak": sozioekonomia, ingurumena eta kultura. "Herriko garapen ekonomikoa bultzatuko dugu, prekaritatea edo langabezia bezalako arazoei irtenbide bat emate aldera. Bestalde, gazteentzako alokairu sozialaren aldeko apustua egiten dugu. Ingurumenari dagokionez, hondakinek aferak kezkatzen gaitu batik bat. Egungo sistema bilketa mantendu ez ezik, hori hobetu eta materia organikoa Zestoan bertan kudeatzeko saiakera egingo dugu. Bidegorri sarearen amaiera edo herriko energia kontsumoaren gaineko gogoeta egitea ere lehentasunen artean kokatzen ditugu. Eta kulturari dagokionez, berriz, kultur taldeen arteko koordinazioa bultzatuko dugu kultur-agenda indartsu bat osatze aldera, eta Elizondo zinema kultur-areto bilakatu dadin lan egingo dugu", gaineratu dute. Horrez gain, hirigintzan ere proposamen bat egin dute: "GI-631 errepideak herria gururatzen duen eremuan sahiesbidea egiteko ahaleginak egingo ditugu". Proposamen horiek guztiak "udaletik eta herritarrekin" landuko dituztela adierazi dute: "Egungo sistema politikoak ahalbidetzen dizkigun tresnak baliatuko ditugu Zestoaren eraldaketaren bidean, baina instituzioetan egiten den lana ezerezean geratuko litzateke hori sostengatuko lukeen herritar sarerik ez balego". Zestoako EH Bilduk esan du "zestoarren ahalduntzean sinesten" duela, eta dei egin die zestoarrei "aipatutako eremuetatk aktiba daitezen eta etorkizuneko Zestoa hobe baten alde lan egin dezaten". Horregatik, eta ahalduntzean sakontzeko asmoz, Sastarrainen egindako "ariketa" errepikatzeko asmoa adierazi dute koalizioko kideek, "Zestoaren etorkizuna marrazteko orduan herritar orok ahotsa izan behar duela uste baitugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide