Nork hitz egingo du gure egoera sozialaz guk geuk baino hobeto? gaitzat hartuta mahai inguru irekia antolatu du Astindu taldeak biharko. Herriko egoera sozio-ekonomikoaz kezkatuta bilerak egiten hasi ziren hainbat herritar duela hiru hilabete inguru. Egun zortzi lagun daude taldean, eta maiztasun zehatzik gabe batzen dira bilera irekietan.
Biharko mahai inguruaren helburu nagusia da Zestoako egoera sozialaz hitz egitea herriko eragile eta norbanakoekin. Izan ere, Astinduren iritziz beharrezkoa da lanketa egiten hasi aurretikherriko eragile eta norbanakoen beharrak zeintzuk diren identifikatzea.
Mahai inguruan parte-hartzera gonbidatu dituzte Zestoako Gazte Asanblada, herriko Txoko Feminista, beste herrialde batzuetatik datozen zestoarrak edota elikagaien bankuko kideak. Herriko gainerako talde eragileekin ere harremana izan nahi dute, eta pixkanaka joango dira sarea sortzen. Bileraren ostean solasaldia egitea aurreikusten dute.
Mahai ingurua Zentroan izango da, 19:00etan, eta ordu eta erdiko iraupena izatea aurreiskusten dute. Bilera irekia izango denez, modu parte-hartzailean egin nahi dute. Ondorioz, gerturatzen den orok izango du iritzia emateko aukera. Parte-hartzaileak eroso sentitzea nahi dute antolatzaileek, «hizlari eta entzule arteko distantzia lausoagoa izango da».
Gure kabuz ala hil otsailean
Biharko solasaldia gaia lantzen hasteko hasiera izatea nahi du Astinduk. Hala, jarraipena izango du deialdiak eta otsailaren 18rako Gure Kabuz ala hil dokumentalaren emanaldia ari dira prestatzen. Onintza Rojas, Xalba Ramirez, Itsaso Zubiria, Iraitz Salegi, Eneritz Arzallus eta Lander Arretxeak egindako dokumentalak alternatiba sozio-ekonomikoak aztertzen ditu, Euskal Herrian dauden hogei proiektu erakutsiz.
Ordura arte bere lan-lerroak zehazten hasteko asmoa du Astinduk, herriko eragileekin elkarlanean, beti ere.