AsierAltuna 'Lapatza' (Ana Abarisketa)
Ezker abertzaleko 22 kide Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen, ari dira deklaratzen. 2008an ere deitu zituzten, EHAKren kontuekin lotuta, baina orain arte sumarioa sekretupean egon da. 2007ko urrian Seguran (Gipuzkoa) eginiko polizia operazioaren dauka lotura auziak. Atzo deklaratu zuten horietako batzuk, eta besteek gaur deklaratuko dute. Horien artean daude Nerea Goikoetxea zestoarra eta Asier Altuna
Lapatza azkoitiarra. Auzia salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur Zestoako eta Azkoitiko plazan, 19:00etan. Pasa den ostiralean agerraldia egin zuten Donostian, eta salatu zuten "jardun politiko publikoa" egiteagatik jarri dituzte auzibidean.
Urola Kostako Hitzak Asier Altuna elkarrizketatu du epailearen aurrean deklaratu aurretik.
22 lagun auzipetu zaituzte. Zer egotzi dizuete?
Kapitala zuritzea eta erakunde terrorista laguntzea leporatzen digute. EHAK-ko langileak ginen orduan, eta talde politiko bateko langile gisa soldatak aurreratu zizkiguten. Horren aurrean poliziak egiten duen interpretazioa da kapital zuriketa egiteko erabili genituela diru sarrera horiek, EHAK-k apropos egin zuela, alegia. Urte osoko soldatak aurreratu zizkigun EHAK-k orduan, eta langile bakoitzak bere erara kudeatu zuen diru hori. Era berean, Batasunako militanteei soldatak aurreratzea dela interpretatzen dute, eta, erakunde terrorista laguntzea leporatzen digute.
2008an ere deklaratu zenuten. Zein da jatorria?
Segurako operazioaren ostean izan zen gurea. 2008ko maiatzean apurtu zen azken su-etena eta Segurako operazioa ekainean egin zuten. Orain txosten berri bat egin du poliziak, baina ez du ezer berririk gehitzen. Izan ere, sumarioak bukaeran jasotzen dituen ondorioetan orduko diru kontuak aipatzen ditu, ez dago froga berririk.
Nola bukatu zen hura?
Auzi hura bi arlotan banatuta zegoen: bi elkarte zeuden batetik, eta, bestetik, pertsonak. Erakundeen auzia artxibatu egin zuten, eta bestea kaxan gordeta gelditu zen. Gure kontuak blokeatu egin zituzten eta denbora batera berriro desblokeatu. Orain, auskalo zer arrazoirengatik, kaxatik atera dute auzia.
Zein da zuen irakurketa?
Guretzat ez dauka ez hanka ez bururik, eta egungo egoera politikoari erantzuten dio batez ere. Espainiako estatuaren errepresio politikari lotuta dago. Errepresioa agerikoa izan da batzuetan, eta horren adibide da ehundaka gazte atxilotu eta torturatu izana, indarra zutela erakusteko egiten zuten. Beste kasu batzuetan, gurean esaterako, zitazioen bidez deitzen gaituzte. Errepresioa erabiltzeko beste modu bat da. Argi dago ez zaiela interesatzen Euskal Herrian ireki den egoera politiko berri hau sendotzea eta errepresio bidez kontraesanak sortu nahian dabiltza beti. Ez zaie interesatzen biolentziaren zikloarekin bukatzea. Gizarteak aukera guztiak eskuragarri dituen momentu honetan, Espainiako estatuak oso ahul ikusten du bere burua; Kataluniaren kasua du aurrez aurre edota estatuak berak bizi duen krisi instituzional, politiko eta ekonomikoa; Euskal Herrian aro berri bat irekitzea saihestu nahi dute. Zentzu horretan auzipetutako 22 kideek aldaketa gauzatzeko sortutako eztabaidan jokatu zuten lana blokeatu nahi dute.
EHAK-ko kide gisa, zein zen zure egitekoa orduan?
Nazioarteko taldean egiten nuen lan.
Orain Sortuko kidea zara, zer lan egiten duzu?
Sortuko Hego Amerikako ardura dut, aurretik egiten nuen lan berdina da. Hamar urteko ilegalizazio garaian galdu genituen harremanak, historikoak asko, berreskuratu eta sakondu ditugu. Bestalde, Euskal Herrian ireki den aro berri honetan aldebakarretik eman ditugun pausoak erakustarazi dizkiegu gobernu nahiz alderdi politikoei. Ateak ireki dizkiguten guztiekin egon gara, eta
Zutik Euskal Herria ebazpenaren berri eman diegu. Izan ere, Aieteko agerraldiaren ondoren guztiz aldatu zuen estrategia estatuak; Euskal Herria estigmatizatzetik informazioa ezkutatzera pasatu ziren. Hego Ameriketan lehengo egoera berdinean geundela pentsatzea nahi zuten. Hori hautsi nahian gabiltza.
Euskal Herria mapan kokatzen jakitea da zuen helburu, beraz.
Kolonbiako bake prozesuak asko lagundu digu, aukera historiko baten aurrean daude, eta 50 urteko gatazka armatu zibila konpondu nahian ari dira. Euskal Herriko gatazkak baino zailtasun askoz handiagoak dituen korapiloa konpondu nahian ari dira, elkarrizketa bidez. Guk Rajoyri eta Espainiako estatuari esango diogu Kolonbiako bake prozesua babesten ari diren bezala, hemengo gatazkaren ondorioak ere itxi egin behar direla.
Aldaketa garaia da Euskal Herrian. Zer zentzu du epaiketak?
Kosta egiten da estatuaren erabaki estrategikoak ulertzea. Eguneroko lana oztopatzea nahi dute. Badakite ezker abertzalea barne eztabaida baten barruan dagoela,
Zutik Euskal Herria ebazpena dugu, ideiak argitu eta norabidea finkatzeko. Zentzu horretan, egoera zailtzeko jartzen duten harri bat gehiago da.
Nola ikusten duzu Euskal Herriak bizi duen egoera politikoa momentu honetan?
Azken bost urteetan, azken negoziazio prozesuaren ostean, hartu diren erabakiek guztiz eragin dute euskal gizartean, eta aurretik zegoen konfrontazio zuzen hori baretzen ari da. Lan asko dugu oraindik egiteko, eta denok egiteko dugun zeregina da. Uste dut ezker abertzaleak aurrerapausoak eman dituela, beste batzuk oso eroso sentitzen dira, ordea. Lanean jarraitu behar dugu gatazka armatu horren ondorioak itxi eta euskal gizarte berri bat eraikitzen jarraitzeko.