Pertsona bat atxilotu dute Arroa Goian, karabana batean lapurreta egiten saiatzeagatik

Urola Kostako Hitza 2016ko urtarrilaren 7a

Joan den astelehen gauean jazo zen gertakaria Arroa Behean. Ertzaintzak aparkatuta zegoen karabana batera sartzen saiatu zen 52 urteko pertsona bat atxilotu zuen. Karabanaren jabeari hiltzeko mehatxua egin zion ustezko lapurrak.

Aparkatuta zegoen karabana batera sartzen saiatu zen 52 urteko pertsona bat atxilotu zuen Ertzaintzak joan den astelehen gauean, Arroa Goian (Zestoa). 22:30ak aldean jazo zen gertakaria. Jabeak pertsona bat ikusi zuen alboko leihoetatik bere karabana barrura sartzen saiatzen, eta Ertzaintzari abisatu zion. Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen gertaeraren tokira. Ertzaintzak jakinarazi duenez, susmagarriak "jarrera bortitza" erakutsi zuen uneoro. Gainera, hiltzeko mehatxu egin zion karabanaren jabeari eta Ertzaintzaren aurrean identifikatzeari uko egin zion. Karabanara sartzen saiatu zen leihoa behartuta zegoela egiaztatu ahal izan zuten ertzainek eta susmagarria atxilotu egin zuten, indarrez lapurreta egiten saiatzeagatik eta mehatxu delituengatik. Ertzainetxera eraman zuten ustezko lapurra, eta epailearen esku utzi zuten ondoren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide