Iraetako futbol zelaiko taberna kudeatzeko eskaerarik ez dute jaso

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko urtarrilaren 7a

Lehiaketara atera zuen Zestoako  Udalak Iraetako futbol zelaiko tabernaren kudeaketa, eta ez du eskaintzarik jaso hamabost eguneko epean. Hau da, ez da agertu interesa duen herritarrik. Horren aurrean, erakundeak jakinarazi du oraindik aukera dagoela udaletxera joan eta horren inguruan hitz egiteko. Zestoako Udalak garbiketaren truke eskaini du taberna; alegia, errentarik ordaindu gabe. Honako baldintzak jaso zituzten deialdian: tabernaren eta instalazioen garbiketa egitea eta Gizarte Segurantzako autonomoen erregimenean alta ematea. Bestalde, astean egun eta erdiko atsedenaldia eta urtean hilabeteko oporraldia hartu ahal izango du taberna hartzen duenak. Horrez gain, erakundeak gogorarazi du tabernako ura, argia eta gainontzeko fakturak udalak ordainduko dituela.

Zerbitzu bat

«Garrantzitsua iruditzen zaigu taberna martxan izatea. Izan ere, zerbitzu bat da zestoarrentzat eta bisitarientzat», azaldu du Josetxo Mendizabal alkateak. Hori dela-eta, dei egin die herritarrei aukera aprobetxatu dezaten: «Badakigu egoera ekonomikoa txarra dela, baina aukera bat izan daiteke lana egiteko, eta negozioa gaizki irteten bada ere, urtebeteko kontratua da». Informazio gehiago eskatu daiteke Zestoako udaletxera joanda.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide