Aurrekontuei begira

Ana Abarisketa 2016ko urtarrilaren 6a

Urola Erdiko udalak ari dira aurtengo aurrekontuak onartzen .Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia eta Beizaman erabaki dituzte. Zestoan zirriborroarekin ari dira eta Errezilen hastear dira.

Urola Kostako udalerri askok onartu dituzte 2016ko udal aurrekontuak. Abenduaren bukaeran egindako ezohiko batzarretan bozkatu zituzten, esaterako, Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian. Urola Erdiko udalerri txikietan ere hasi dira eragiketa ekonomikoak egiten. Zestoan zirriborroa prestatzen ari dira, eta Errezilen datozen asteetan hasiko dira. Aizarnazabalen eta Beizaman, berriz, onartu dituzte jada. Aizarnazabalgo Udalak 2015eko azaroaren 27ko ohiko batzarrean onartu zituen aurrekontuak, EH Bilduk eta EAJk aho batez. Azken urteetan bezala, bilerak egin zituzten aurretik herritarrekin, dirua nora bideratu eztabaidatzeko. 2014ko prozesu parte-hartzailea dute oinarri; amaitu gabe dauden egitasmoek «lehentasuna» izan dute aurrekontuak osatzerakoan. Denera 1.598.425 euroko aurrekontua onartu du udalak. Horietatik 324.200 euro bideratuko dituzte gastuetara, ondasun arruntetara eta zerbitzuetara eta gastu pertsonaletara 357.100. Finantza gastuetan 50.000 euro inbertituko dute eta transferentzia arruntetan 328.100. Zestoan, zirriborroa eginda Zestoako Udala aurrekontuen zirriborroa prestatzen ari da oposizioarekin partekatzeko. Beraz, aurrekontuak hil honen bukaeran edo otsailean onartzea aurreikusten dute. «Gure asmoa da hil honetako ohiko udalbatzan lantzea gaia», adierazi du Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak (EAJ). Beizaman onartu dituzte dagoeneko 2016ko aurrekontuak. Guztira 236.997 euro aurreikusi ditu udalak, iaz baino %4,2 gehiago. Horietatik 26.300 euro Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra idaztera bideratuko ditu, eta 15.815 euro beroketa zerbitzura. Iazkoarekin alderatuz, igoera izango da jarduera sozio kulturaletan, 12.000 euro bideratuko dituzte arlo horretara. Herriko Haurreskolak 2.306 euro jasoko ditu, %28,11 gehiago. Gainerakoa udal gastuak ordaintzeko erabiliko dute. Beizamako udal gobernua Aurrena Beizama Baiko bost zinegotzik osatzen dute, Nekane Otaño buru dutela. Errezilen datozen asteetan hasiko dira aurrekontuen zirriborroa osatzen. Izan ere, udalak egoera berezia bizi du azken urteetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak 115.000 euroko mailegua onartu zion 2012an, eta zerga ordaintzen ari da ordutik. Ondorioz, edozer inbertsio egiteko aldundiarekin jartzen dira harremanetan, eta diru guztiaren zenbaketa zehatza egiten dute erakundean. Urtez urte egoera xamurtzen doa udalean halere, eta 2016ko aurrekontuak iazkoak baino hobeak izango direla esan dio Hitzari Xebero Agirretxe alkateak (EH Bildu).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide