Herri hezitzailea proiektua aurkeztuko dute gaur Zestoan

Ana Abarisketa 2015ko abe. 16a, 12:18

Herri hezitzailea proiektua aurkeztuko dute gaur Zestoako udaletxeko areto nagusian, 18:30ean. Haurren interesetatik abiatuta, aniztasunarekiko eta ingurunearekiko errespetuan oinarritutako komunitatea sortzea nahi dute Zestoan. Proiektuan parte hartuko dute herriko eskolak, udalak eta herritarrek. Leire Otaegi udaleko Gazteria dinamizatzailea da. Hark azaldu du herritarren "inplikazioa" dela, hain justu, proiektuak behar-beharrezkoa duen izaera. "Haurren interesetatik abiatuko gara eta sexua, kultura arraza, sinesmena, ideologia edota beste hainbat balore hartuko ditugu kontuan", azaldu dio Hitzari. Haurren heziketa, halere, ez dago eskolaren, Gazteria dinamizatzaileen edota gurasoen  esku Otaegiren ustez, "herritar guztien esku dago". Gaurko bileran proiektua aurkeztuko zaie herritarrei, eta denak daude gonbidatuta. Aurkezpenean parte hartuko duten eragileak honakoak dira: Zestoako Udaleko Gazteriako, Ongizateko eta Euskarako ordezkariek, herri ikastetxeetakoek, Arremanitz Kooperatibakoek eta Oinherrikoek. Urtarrilean hiru bilera egingo dituzte Herri hezitzailearen filosofiari jarraituz gaiak zehaztu eta proiektuak lantzen hasteko. Otaegik dio, Herri hezitzailea ez dela soilik umeen heziketara mugatzen: "Kolektibo ahulak jartzen ditu erdian".

Arremanitzen ekarpena

Proiektu hau herriko eskolaren eta udalaren elkarlanetik sortu da. 2015-16 ikasturtean Arremanitz Kooperatiba gehitu da ikastetxeko lantaldera. Egoitza Hernanin duen hezitzaile talde honek urteak daramatza hezkun- tza mota berri bat sustatu nahian. Udalari dagokionez, udala osatzen duten bi talde politikoen —EAJ eta EH Bildu— babesa jaso du proiektuak. Herri hezitzailea proiektua Euskal Herriko dozena herri ingurutan dago abian: Dima, Otxandio, Baztan eta Agurain, kasu. Proiektuaren aurkezpen kartela. (Hitza)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide