Energia eredu berrien erakusle

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko abenduaren 2a

Aitor Urresti, Xabier Zubialde eta Olatz Azurza izan ziren astelehenean Azpeitian, energiaren kontsumoaz eta eredu berriztagarrien inguruan hizketan. Gaur bukatuko da energia jardunaldia, dokumental emanaldiekin.

(E. Albizu Lizaso) Eredu energetiko berriak hitzaldia eskaini zuten astelehenean, Urola Erdiko energia jardunaldien barruan. Energia berriztagarrien ezaugarri eta onurez jardun zuten, eta zenbait elkarteren esperientziak partekatu zituzten. Honakoak izan ziren gonbidatuak: Aitor Urresti Gure Energia taldeko kidea, Xabier Zubialde Sustrai Erakuntza Fundazioko ordezkaria eta Olatz Azurza Goienerreko kide eta boluntarioa. «Eredu energetiko hau guztiz agortuta dago, eta aztertu behar dugu zer erronkari heldu behar diogun», azaldu zuen Urrestik. Hari horri tiraka hitz egin zuten gonbidatuek HITZArekin, solasaldia baino lehen. Bestalde, aurrezteko teknikak, eraginkortasun energetikoa aurkitzeko bideak eta herritarren esku dauden energia berriztagarriak aipatu zituen Gure Energia taldeko kideak abiapuntu gisa. Hark uste du Urola Erdian lehen lana dela ikustea esparru horretan zer lekutan kokatzen diren udalerriak: «Oraindik ez dakigu zer egiten dugun ondo eta zer ez, eta lehen pausoa da hori aztertzea, neurriak hartzeko». Hark hiru adierazle aztertzea proposatzen du: zer kontsumitzen den, zer kontsumitu beharko litzatekeen eta zer gaitasun dagoen energia sortzeko. Zubialdek bat egiten du, oro har, Urrestiren ikuspuntuarekin, baina argi utzi zuen energia berriztagarriekin ezin dela aldatu gizarteak duen hutsunea. «Berriztagarrien alde nago, baina gehiegi erabiltzen den hitza da; horrekin ez dira konpontzen arazo guztiak», adierazi zuen. Berez, ahalik eta gutxien xahutzea da lehen urratsa.

Goienerren lanketa

Erronka horiei aurre egiteko sortu zuten Goiener kooperatiba, energia berriztagarrien kontsumo eta sorkuntza xede dituen elkartea. Energia «oinarrizko gai» bezala tratatzen du Goienerrek, Azurzaren arabera, eta ez «enpresa gai bat» bezala. «Herritarrok dugu aukera eta boterea gure kontsumo ohituren bidez aldaketa bizkortzeko», azaldu zuen Goienerreko kideak. 3.700 bazkide ditu Goienerrek gaur egun, eta beharrezkoa da kooperatibako kide izatea bertako argindarra erabiltzeko. «Kontsumo arduratsua» dela esan zuen Azurzak. Goienerrek elkarte bat ere badu, gainontzeko egitasmoak lantzeko.

Herritarren kontzientzia

Hiru hizlariek nabarmendu zuten energia berriztagarrien aldeko aldarria egiten duten herritarrak asko ez badira ere, goranzkoa dela joera. «Ikusten dugu modu naturalean egingo duela ibilbidea Goienerrek, adibidez», esan du Azurzak. Azken bost urteetan «kasu kualitatiboa» pairatu du gaiak, herritarren aldetik, Urrestiren arabera: Frackingaren kontrako aldarria jarri du erdigunean. «Informazioa falta da, baina interesa badagoela nabaritzen dut», nabarmendu zuen. «Poltsikoaren pisua» aipatu zuen, berriz, Zubialdek. «Krisi ekonomikoa deitu dioten egoera hau lotuta dago energiarekin, eta diru eskasiak ekarri du kontzientzia, zoritxarrez», azaldu zuen. Haren arabera, gero eta gehiago kostatuko da energia eta arazo gehiago sortuko ditu.

Jardunaldiko azken saioak

Energia jardunaldiekin bukatzeko, OllagopolyOFF dokumentala emango dute Azpeitian eta Zestoan. Bi tokietan gaztetxeetan izango dira emanaldiak, 19:00etatik aurrera. Urola Erdian antolatu dituzte ekintzak azken asteetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide