Urola Erdiko EH Bilduk "independentziara biltzera" deitu ditu herritarrak

Nerea Uranga 2015eko azaroaren 28a

Abenduaren 6rako, Bilbon, 'Bildu independentziara' lelo hartuta manifestaziora deitu dute

Urola Erdiko EH Bilduko kideak Azkoitiko Elkargunean (Nerea Uranga/Hitza) Bildu independentziara aldarrikatuz agerraldia egin dute gaur, larunbata, Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo, Zestoako eta Aizarnazabalgo EH Bilduko kideek. Azkoitiko Elkarguneko aretoan elkartuta, abenduaren 6an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte Urola Erdiko herritarrak. Manifestazioa 12:00etan hasiko da Plaza Eliptikotik eta Arriagan bukatuko. "Euskal Herri independentea nahi dugun eta horren alde egunero lan eta borroka egiten dugun herritarrok hitzordu garrantzitsua dugu abenduaren 6an, Bilbon. Kaleak gure herriaren burujabetzarako aldarriaren bozgorailu bihurtu behar ditugu guztion artean, horretarako nahi eta desio bera konpartitzen duten eskualdeko herritarrak manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu", esan dute EH Bildukoek. "Espainiar estatu antidemokratikoari lotzen gaituzten kateak askatu behar ditugu herri eta herritar gisa garatzeko, etorkizun duina eraiki ahal izateko", eta horretarako "bide propioa" egin beharra nabarmendu dute koalizioko kideek: "Ibiliz sentitzen ditugu kateak, baina ilusioz eta gogoz bidea eginez hautsiko ditugu lotzen eta estutzen gaituzten kateak". Espainiako estatuaren "inposizioari, ukazioari eta mehatxuari" aurre egiteko indarrak bau beharra dagoela esan dute: "Feminismoa, langileen eskubideak, euskalzaletasuna eta bakezaletasuna oinarri hartuta eraiki nahi dugun Euskal Herria lortzeko, bildu beharra daukagu. Hori eguneroko borroka da". Abenduaren 6an Bilboko kaleetan bat eginda, "Euskal herritarren gehiengo zabalak, herritarren eskubideen errespetuan eta bizitza kalitate duinean oinarritutako etorkizuna amesten duela" da irudikatu nahi dutena. "Manifestazio alaia izango da, koloretsua. Euskal Herriaren eta herritarron etorkizunarekin konprometituta gaudenok egingo dugun aldarrikapen jaia izango da". Hala, manifestazioaren bukaeran mosaiko erraldoi bat irudikatuko dute, milaka zapata lokarrirekin. Biltzen direnen artean lokarriak banatuko dituzte, eta horiek denak lotuta Bildu independentziara dioen mosaikoa osatuko dute. "Herri honen etorkizunaren irudia guztion indarrak bilduta eraikiko dugulako", diote. Abenduaren 11tik 13ra herriz herri Horrez gainera, abenduaren 11tik 13rako asteburuan, herriz herri independentziaren aldeko ekintza desberdinak egingo dituztela aurreratu dute: "Eguneroko lanak eramango gaituelako independentziara".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide