Urola Erdiko udalerri txikienek ere ezetz esan diote indarkeria matxistari

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko azaroaren 25a

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako bertso saioa egingo dute Errezilen .Zestoako Udalak adierazpen instituzionala onartu du eta Aizarnazabalen elkarretaratzea deitu du EH Bilduk.

Mahai ingurua egin zuten Errezilen emakumearen egunean. (Hitza) Eskualdeko herri txikiek ere jarri dute beraien alea Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Errezilen, esate baterako, bertso saioa antolatu dute Bidea denok elkarrekin egin dezagun lelopean. Ostiralean izango da, 22:30etik aurrera, Borondegin. Honako bertsolariek abestuko dute: Uxue Alberdi, Alaia Martin, Unai Muñoa eta Jokin Uranga. Nekane Zinkunegi errezildarra arituko da gai-jartzaile lanetan. Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, bost euroren truke. Saiaz Gizarte Zerbitzu mankomunitateak antolatu du ostiraleko saioa. Bestalde, egitarau oparoa prestatu du Zestoako Udalak, nazioarteko egunarekin bat egiteko. Joan den astean hasi ziren ekitaldiak, eta mural pintaketa egingo dute gaur udalerrian. Horrez gain, EAJk eta EH Bilduk aho batez onartu dute Eudel eta Emakunderen adierazpen instituzionala, eta bere egin du Zestoako Udalak.

Berdintasun politiken alde

Emakumeen kontrako indarkeria oro salatu du Zestoako erakundeak, eta bere gaitzespena adierazi du. Hori dela-eta, berretsi dute "arazo estruktural baten aurrean" dagoela gizartea, eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko "berdintasunik eza" oinarri duenez, "ezinbestekoa" dela parekidetasun politikak abian jartzea. "Saiatu behar dugu bestelako gizartea eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten", nabarmendu dute. Horregatik, udalak adierazi du beraien zeregina dela eskaintzea "guztiekiko tratu onak bermatuko dituen gizarte batean bizitzea". "Erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu, tratu onak sustatuko dituen gizartea eraikitzeko orduan, eta horretarako gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak gure baitatik berrikusten hasi", azaldu dute. Hori dela-eta, honako konpromisoak hartu dituzte: udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzea, emakume eta gizonen berdintasunaren alde eta herritarrak motibatzea berdintasunaren aldeko jarrera kolektibo eta indibidualak har ditzaten.

Aizarnazabalen bilgunea

Aizarnazabalgo EH Bilduk bilkura deitu du gaurko. 19:00etan da hitzordua, udaletxearen aurrean. Gure buruak bizirik nahi ditugu lelopean bilduko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide