Eman ostikoa baloiari eta hitza euskarari lelopean ospatuko dute aurten Euskararen Eguna Zestoan. Izan ere, futbol txapelketa bat antolatu du AEK-k abenduaren 3rako herrian. Udal kiroldegian izango da lehiaketa, 17:00etatik aurrera, eta edonork har dezake parte proban: euskaltegiko ikasleek zein eskoletara joaten ez direnek. Jolaserako baldintza bakarra da 16 urtetik gora izatea.
Dagoeneko izena eman dezakete taldeek, azaroaren 30a bitartean, euskaltegian bertan –hau da, Kultur Etxean– edo euskaltegiaren Facebook orrialdearen bitartez. Bost eta zazpi pertsona arteko taldeak egin behar dira, eta beharrezkoa da haiek mistoak izatea.
«Euskararen Eguna nola ospatu pentsatzen hasi ginenean, bururatu zitzaigun ikasleei beraiei galdetzea zer gustatuko litzaiekeen egitea», azaldu du Uxoa Arruti ordezkariak. Ikasleen artean futbolzaleak dituzte, eta haiek erabaki zuten lehiaketa bat antolatzea.
Txapelketako ezaugarriak
Behin parte hartu behar duten taldeen kopurua ikusita, ligaxka prestatuko dute. Talde bakoitzak 15 minutuko bi edo hiru partida jokatuko ditu, eta norgehiagoka gehien irabazten dituzten taldeak pasatuko dira final laurdenetara. Gero, finalerdiak; eta, azkenik, finala. Talde irabazleak Errigorako saskia eramango du etxera, Erriberako produktuez osatutako otarra.
Arrutik ondo ikusten du urtean behin Euskararen Egunari pisua ematea: «Beti esaten dugu urtean 365 egunetan ospatu behar dela Euskararen Eguna, eta hala da. Halere, egun seinalatu hauek laguntzen dute indarra hartzen, eta nik positiboa ikusten dut eguna umorez ospatzea».
Dena dela, eta Arrutik esan bezala, egunero da euskararen eguna Zestoako AEK-n, eta horregatik jarraitzen dute buru-belarri lanean: «Aldaketa batzuk izan ditugu ikasturte hasieratik; batzuek utzi egin dute, eta berriak hasi dira, baina martxa ona mantentzen dugu». Aurrez aurreko eskoletako bi talderekin ari dira lanean: A1 eta A2 mailatakoak; baxuenak, alegia.
Bestalde, auto-ikaskuntzako hamabi ikasle dituzte Zestoan, eta tutoretzak egitera nahiz solasean aritzera joaten dira AEK-ra; ondoren, etxean lantzeko ariketak.