Zortzi biktima berri artatu dituzte aurten Azpeitiko Udalean indarkeria matxistagatik

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko azaroaren 20a

«Kezkatuta» daude zifrarekin eta emakume gazteak izan direlako, 27 eta 41 urte bitartekoak. Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna izango dute asteazkenean.

(E. Albizu Lizaso) Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperetan herriko datuen berri eman dute Azpeitian. Udalak zortzi indarkeria matxista kasu berri artatu ditu azken urtean. «Zifra altua da, eta bereziki da kezkagarria gero eta gazteagoak direlako biktimak», jakinarazi du Edurne Aranbarri berdintasun teknikariak. Udalera jo duten emakumeak 27 eta 41 urte bitartekoak izan dira. Aranbarrik azaldu du «oso kezkatuta» daudela gaiarekin. Ingurura begiratu, eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek adierazi dute emakumeen eta gizonen arteko «botere harremanetan» kokatzen dela arazoa. Gizarteko esparru guztietan aurki daiteke arazoa, haien arabera. Hori dela-eta, arazoarekin bukatzeko «herritar guztien konpromisoa» eskatu dute. Horrez gain, Ainhoa Beristain zinegotziak eskerrak eman dizkie mugimendu feministako kideei, «egiten ari diren lan guztiarengatik». Indarkeria matxistaren arazoaren jakitun, Azpeitiko Udalak zenbait konpromiso hartu ditu beregain, hurrengo udalbatzan onartzeko. Eremu guztietan emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko baliabideak eskainiko dituztela jakinarazi dute, batetik. Aurrekontuetan ere kontuan hartuko dute gaia, eta emakumeen arretarako protokoloa «hobetzen jarraitzeko» konpromisoa hartu dute. Bestalde, hezkidetza eta emakumeen jabetze proiektuarekin lanean jarraituko dute. Egiteko horiez gain, nabarmendu dute emakumearenganako indarkeriaren aurkako ekintzetan parte hartuko dutela.

Hiru herritan prestaketak

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako eguna izango dute datorren asteazkenean, munduko hamaika txokotan. Egitasmo horrekin bat egin dute Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek, eta egitarauak prestatu dituzte herriz herri, kontzientzia lantzeko. Hiru udalerrietan, gizarte eragileekin batera aukeratu eta garatu dituzte ekintzak, izan Emakumeen Txokoa, Emakumeen Mahaia, Gaztelekua edo Zestoako Malen Etxea. «Indarkeria mota denak» salatu dituzte udalek, fisikoak nahiz psikologikoak, eta jakinarazi dute egungo arazo larrienetakoa dela emakumeen kontrako indarkeria. Estitxu Elduaien Azpeitiko zinegotziak nabarmendu du gazteen artean ere errepikatzen dela arazoa, eta «guztien ardura da irtenbidea aurkitzea».

Egitarauak

Azkoitia

Azaroak 21

Ekintza moreak, Artxamendin, 17:00etatik 19:00etara.

Azaroak 23, 26 eta 27

Autodefentsa ikastaroa, Elkargunean, 17:00etatik 20:00etara. Alaitz Mañes gidari dela.

Azaroak 25, asteazkena

Elkarretaratzea, plazan, 19:00etan. Women in black ekintza.

Azaroak 27, ostirala

Hirugarren adineko emakumeen aurkako biolentzia hitzaldia, gaztelaniaz, Elkargunean, 15:00etan.

Azaroak 28, larunbata

Beldur barik-era joateko autobusak jarriko dute, Amurriora (Araba).

Azpeitia

Azaroak 24, asteartea

Herria emakumeen begietatik tailer ibiltaria. Emakumeak herriko guneetan nola sentitzen diren aztertuko dute, eta lasai sentitzeko zer alda daitekeen hausnartuko. Emakumeen Txokoan bilduko dira, 18:00etan.

Azaroak 25, asteazkena

Bilkura plazan, 19:00etan, Bilgune Feministak deituta. Gero, 19:30ean, hitzaldia Emakumeen Txokoan, Haize Berriak-ekin.

Azaroak 27, ostirala

Eguzkilore antzerki emanaldia, Gaztelekuan, 18:00etatik aurrera.

Zestoa

Gaur, azaroak 20

Autodefentsa tailerra, Gaztelekuan. 14 eta 17 urte bitarteko neskekin.

Bihar, azaroak 21

Musika eta letra sexisten inguruko tailerra egingo dute, Gaztelekuan.

Azaroak 23, astelehena

Gure Genealogia Feministak liburuaren aurkezpena, eta Edurne Epelde eta Miren Aranguren egileekin solasaldia. 19:00etan, Kultur Etxean.

Azaroak 25, asteazkena

Muralen pintaketa, Gurutzean, 10:00etatik 16:00etara. 20:00etan ekitaldia, plazan. Horrez gain, egun osoan zehar herria morez pintatzera deitu dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide