(E. Albizu Lizaso)
Energia mahaiak bailarako bost udalerri batzen ditu, helburu berekin lan egiteko. Carmen Mtz. de Lejarza Amenabar energia teknikaria (Azpeitia, 1988) dute bidelagun.
Noiz hasi zen egitasmoa?
2013an hasi ginen lanean, aurrekontu parte-hartzaileak zirela-eta. Bide horri jarraiki, 2014an diagnostiko bat egin zuen Azpeitiko Tinko STS enpresak . Aztertu zuten zer kontsumo energetiko duen bailarak, zer ezaugarri dituzten etxebizitzek eta zer aukera dituen eskualdeak energia berriztagarria ezartzeko, esate baterako.
Gai horiek lantzeko sortu zen energia mahaia?
Bai. Bost udalerritako politikariak daude: Azkoitikoa, Azpeitikoa, Beizamakoa, Errezilgoa eta Zestoakoa. Urkome eta Ingurugiro fundazioak ere parte hartzen dute. Horrez gain, eragileak ere badira mahaian: Elkar-ekin eta Piztu taldeak. Iraurgi Berritzenetik koordinatzen dugu mahaia, eta Foru Aldundiak ere ekarpena egiten du.
Diagnostiko horretako ondorio nabarmenenak zein dira?
Adibidez, energia berriztagarria sortzeko aukerak ikusi dira: biomasa eta eguzki energia erabil daitezke. Haize energiaren baliabide sinpleenak ere aztertzekoak dira. Energia gastatu egiten da, nahiz eta murriztu daitekeen. Beraz, erabiltzen den energia berriztagarria izatea da helburua.
Diagnostikoa eginda, hurrengo pausoa zein da?
Ekintza plana ere egin dute diagnostikoarekin, eta horretan ari gara. Plana hiru lerrotan banatuta dago. Batetik, kontsumitzaileen ikuspuntutik begiratuta: etxeetan erabiltzen den energia nola aurreztu, adibidez. Bestetik, energia produkzioaren bideak nola aprobetxatu lantzen ari gara. Azkenik, ekonomia dinamizatzeko ardatz gisa energia nola erabili ere hizpide dugu.
Zer ekintza ari zarete garatzen, zehazki?
Ekintza batzuk udalek egin behar dituzte, eta beste batzuk herritarrentzat sortuak dira. Esaterako, udaletxeetan hasi dira faktura guztiak aztertzen, ikusteko non eta zertan gastatzen duten energia eta alferrikako gastuak saihesteko. Azpeitiko Udalak denbora damaki horretan, eta hura eredutzat hartuta, beste lau udalak horretan hasi dira. Lana eskatzen du, baina neurri sinplea da, eta ekarpen handia egin dezake.
Herritarrei begira, zer egin da?
Merkatarien eta nekazarien diagnostikoa egiten ari gara. Esparru bakoitzean bost sektore hartu dira, eta sektore bakoitzetik bi negozioren energia kontsumoa aztertzen ari gara. Gure helburua da ondorio orokorrak ateratzea, eta sektoreko edonori laguntzeko baliagarriak izatea.
Egiten duzuen lana komunikatzeko antolatu dituzue energia jardunaldiak?
Bai, horretarako eta kontzientzia lantzeko. Udalerri guztietan saiatuko gara gaia lantzen. Errezilen ez dugu ekintzarik lotu aurkezpen egunerako, baina han ere egingo dugu zerbait.
Krisia dela-eta, inoiz baino garrantzi gehiago ari zaio ematen gaiari?
Krisi ekonomikoaren eraginez hasi gara poltsikoari eragiten dieten gauzetan arreta gehiago jartzen. Halere, lana egin da gaia gizarteratzen, eta kontzientzia ere hazi egin da. Badakigu gastatzen ez den energia dela energia onena.