Energia jardunaldiak antolatu dituzte Urola Erdian, larunbatean hasita

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko azaroaren 19a

(E. Albizu Lizaso) Energia jardunaldiak antolatu dituzte Urola Erdian, gaia gizarteratzeko eta herritarrak kontzientziatzeko. Larunbatean hasiko dira ekintzekin, eta Azkoitian izango da lehena: Usurbilgo lanbide eskolak prestatuta, energia berriztagarrien erakusketa jarriko dute. Balda plazan izango da, eguraldi ona eginez gero; Kontzejupean, euria egiten badu; 10:00etatik aurrera. Ekintza horren ostean, beste asko egingo dituzte, abenduaren 2a bitartean, han eta hemen. Egitasmoaren ezaugarri bereizgarrietakoa da bailarako bost udalerrik elkarlanean antolatu eta garatu dituztela jardunaldiak, herri eragileekin batera. Izan ere, 2014tik ari dira lantzen gaia, Energia Mahaian. Bertan, Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako politikariak, Urkome, Ingurugiro Fundazioa, Piztu taldea eta Elkar-ekin daude, eta aurrekontu parte-hartzaileetan zehaztutako proiektuaren bueltan ari dira. Diagnostiko bat egina dute, eta uztailean aurkeztu zuten ekintza plana. Irailetik ari dira ekintza plan horretako lanak egiten eta proposamenak gehitzen.

Egitaraua

Azaroak 21

10:00. Energia berriztagarrien erakusketa. Azkoitiko Balda plazan.

Azaroak 26

16:00. Aurreztu argindarra etxean, energia fakturatik hasita hitzaldia, Beizamako Natur eskolan.

Azaroak 27

08:30. Gosaria: Murriztu zure faktura energetikoa. Azpeitian Sindikatu Zaharrean.

Azaroak 30

19:00. Hitzaldia Azpeitiko Sanagustinen: Eredu energetiko berriak.

Abenduak 1 eta 2

19:00. OllagopolyOFF dokumentala. Hilaren 1ean Azkoitiko Elkargunean, eta 2an, Azpeitiko eta Zestoako gaztetxeetan.

Carmen Mtz. de Lejarza Amenabar: "Erabiltzen den energia berriztagarria izatea da xedea"

Iraurgi Berritzen garapen agentziako energia teknikaria da Carmen Mtz. de Lejarza Amenabar. Energia Mahaiko koordinatzaile lanak egiten ditu, eta ekintza planarekin ari dira lanean orain. (E. Albizu Lizaso)   Energia mahaiak bailarako bost udalerri batzen ditu, helburu berekin lan egiteko. Carmen Mtz. de Lejarza Amenabar energia teknikaria (Azpeitia, 1988) dute bidelagun. Noiz hasi zen egitasmoa? 2013an hasi ginen lanean, aurrekontu parte-hartzaileak zirela-eta. Bide horri jarraiki, 2014an diagnostiko bat egin zuen Azpeitiko Tinko STS enpresak . Aztertu zuten zer kontsumo energetiko duen bailarak, zer ezaugarri dituzten etxebizitzek eta zer aukera dituen eskualdeak energia berriztagarria ezartzeko, esate baterako. Gai horiek lantzeko sortu zen energia mahaia? Bai. Bost udalerritako politikariak daude: Azkoitikoa, Azpeitikoa, Beizamakoa, Errezilgoa eta Zestoakoa. Urkome eta Ingurugiro fundazioak ere parte hartzen dute. Horrez gain, eragileak ere badira mahaian: Elkar-ekin eta Piztu taldeak. Iraurgi Berritzenetik koordinatzen dugu mahaia, eta Foru Aldundiak ere ekarpena egiten du. Diagnostiko horretako ondorio nabarmenenak zein dira? Adibidez, energia berriztagarria sortzeko aukerak ikusi dira: biomasa eta eguzki energia erabil daitezke. Haize energiaren baliabide sinpleenak ere aztertzekoak dira. Energia gastatu egiten da, nahiz eta murriztu daitekeen. Beraz, erabiltzen den energia berriztagarria izatea da helburua. Diagnostikoa eginda, hurrengo pausoa zein da? Ekintza plana ere egin dute diagnostikoarekin, eta horretan ari gara. Plana hiru lerrotan banatuta dago. Batetik, kontsumitzaileen ikuspuntutik begiratuta: etxeetan erabiltzen den energia nola aurreztu, adibidez. Bestetik, energia produkzioaren bideak nola aprobetxatu lantzen ari gara. Azkenik, ekonomia dinamizatzeko ardatz gisa energia nola erabili ere hizpide dugu. Zer ekintza ari zarete garatzen, zehazki? Ekintza batzuk udalek egin behar dituzte, eta beste batzuk herritarrentzat sortuak dira. Esaterako, udaletxeetan hasi dira faktura guztiak aztertzen, ikusteko non eta zertan gastatzen duten energia eta alferrikako gastuak saihesteko. Azpeitiko Udalak denbora damaki horretan, eta hura eredutzat hartuta, beste lau udalak horretan hasi dira. Lana eskatzen du, baina neurri sinplea da, eta ekarpen handia egin dezake. Herritarrei begira, zer egin da? Merkatarien eta nekazarien diagnostikoa egiten ari gara. Esparru bakoitzean bost sektore hartu dira, eta sektore bakoitzetik bi negozioren energia kontsumoa aztertzen ari gara. Gure helburua da ondorio orokorrak ateratzea, eta sektoreko edonori laguntzeko baliagarriak izatea. Egiten duzuen lana komunikatzeko antolatu dituzue energia jardunaldiak? Bai, horretarako eta kontzientzia lantzeko. Udalerri guztietan saiatuko gara gaia lantzen. Errezilen ez dugu ekintzarik lotu aurkezpen egunerako, baina han ere egingo dugu zerbait. Krisia dela-eta, inoiz baino garrantzi gehiago ari zaio ematen gaiari? Krisi ekonomikoaren eraginez hasi gara poltsikoari eragiten dieten gauzetan arreta gehiago jartzen. Halere, lana egin da gaia gizarteratzen, eta kontzientzia ere hazi egin da. Badakigu gastatzen ez den energia dela energia onena.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide