Agiro Mendi Kluba eratu dute, mendiaren betiko baloreak berreskuratzeko

Ana Abarisketa 2015eko azaroaren 18a

Ramon Martija da Agiro Mendi Klubeko lehendakaria. Aro berri bat hasi du Zestoako klubak eta gazteak erakartzea dute helburu, mendizaletasunaren "betiko baloreak" sustatuz.

Ramon Martija da Agiro Mendi Klubeko lehendakaria. (Ana Abarisketa) Duela mende laurden inguru sortu zen Zestoako Agiro Taldea, herrian mendizaletasuna partekatzeko eta zabaltzeko asmoz. Hamaika gorabehera izan dituzte ordutik, mendizaletasunak izan dituen adina aldaketa. Azken moldaketa antolaketan izan dute; estatutuak aldatu eta Agiro Mendi Kluba izatera pasatu dira. Iaz desegin zuten Zestoa Kirol Bazkuna. Bertan herriko kirol guztiak batzen ziren: txirrindularitza, pilota, mendizaleak, atletismoa eta futbola. Orain, kluba izatera pasatu da Agiro, eta klubaren estatutu berriak sortu dituzte. Estatutuak aldatuta Ramon Martija da Agiroko lehendakaria, Mikel Irureri lekukoa hartuta. Prozesu "naturala" izan dela dio Martijak: "Hartueman zuzena du talde bakoitzak udalarekin orain, lehen denok kutxa berean sartuta geundelako". Halere, bada herrian kirol mahaia sortzeko asmoa eta elkarlanean egitasmoak egiten jarraitzekoa. Ikuspegia zabaltzea da mendi klubaren helburua aurrerantzean. "Mendi taldeek betidanik egin dituzten ekintzez haratago joan nahi dugu, ekarpen handiagoa egin nahiko genioke herriari". Agiro Mendi Kluba ataletan antolatu nahi dute: eskalada, mendiko trailak, espeleologia, mendizaletasuna eta aholkularitza. Horretarako, elkarlana bultzatu nahi dute udalarekin: "Uste dugu asko aportatu diezaiokegula udalari". Izan ere, klubeko kideak dira Zestoa inguruko paisaiak ondoen ezagutzen dituztenak.

Filosofiari eutsi

Urtea amaitu aurretik bazkideen batzarra egitea aurreikusten du klubak, ez dute eguna zehaztu ordea. Deialdiaren helburua  klubak sortu dituen atalak osatzeko bazkideen parte hartzea sustatzea izango da. "Mendiak betidanik izan dituen baloreei eutsi nahi diegu, kirola eta norgehiagoka alde batera utzita", dio Martijak. Inguruarekiko errespetua, paisaiarekin gozatzea edo kultura transmisioa aipatu ditu Agiroko lehendakariak. "Lehengo mendizaletasuna" sustatu nahi dute, "mendian gozatzea". Baloreak berreskuratzeko ahalegin horretan gazteak erakarri nahi ditu Agirok, mendizaletasuna gaztetatik izan dezaten. Lanketa horretan, Zestoa gune aproposa dela irizten dio Ramon Martijak: "Inguru anitza du herriak eta oso aberatsa da paisaia eta geologia aldetik". Beraz, aro berri bat hasi du Agiro Mendi Klubak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide