Arroabeko ikasleak bertsoak kantatzen (Kepa Iribar)
Urtebete igaro da Arroan Eskola Berria Orain! egitasmoa abian jarri zutenetik, eta joan den ostiralean ospatu zuten urteurrena, jolasekin eta gaztaina erre janarekin. Urteurrenarekin batera, albiste berriak iritsi zaizkie guraso elkarteko kideei. Izan ere, dagoeneko eman dute eskola berria egiteko proiektua: Donostiako Uzcanga arkitektura etxeak egingo ditu diseinu lanak. Guraso elkarteko kideen arabera, «urrats garrantzitsua» da hori.
Eskola berriaren proiektua eman ondoren, hurrengo urratsa izango da lanak nork egin erabakitzea. Halere, prozesu bat eskatzen du horrek, Jesus Albizu Arroabeko eskolako zuzendariak azaldu duenez. Martxorako amaituko du arkitektura etxeak proiektua, eta Arroabeko eskolako kideei erakutsiko die. Ondoren, legelariengana iritsiko da proposamena, eta helegiterik ez badago, Hezkuntza sailetik Ogasun sailera pasatuko da. Espero dute ekainerako egingo duela ibilbide hori.
Behin proiektua Ogasun sailera iritsita, eraikuntzako obrak emango dituzte. Dena dela, Albizuk nabarmendu du datak ez direla inoiz «zehatzak» izaten, eta «estimazioen inguruan» hizketan ari direla, gaur gaurkoz. Ezarritako egutegia jarraituz gero, bi urteren bueltan bukatuko lukete eskola berria. «Egutegia betetzeak esan nahi du ez dela egongo arazo eta atzerapenik bidean; esate baterako, beste enpresek ez dutela helegiterik jarriko esleipenen inguruan eta abar», esan du Albizuk.
«Administrazioko kontuek denbora behar izaten dute, eta pazientziarekin eutsi diogu guk proiektuari», azaldu du eskolako zuzendariak. Hala ere, esan du «lan handia» egin dutela gurasoek, eta horrek «abiadura» eman diola prozesuari. «Indar eta gogo handia dute gurasoek proiektuak aurrera egin dezan, eta horrek eragina izan du. Prentsa ere beraiek mobilizatu dute», azaldu du Albizuk.
Arrisku egoeran
Gaur egun, 65 ikasle ditu Arroabeko eskolak, eta hiru eraikinetan daude banatuta. Eskolak ematen dituzten gelak eta jangela ere aparte daude, eta «hara eta hona» ibili behar dute haurrek egunero; bai jolasteko, baita eraikin batetik bestera mugitzeko ere.
Hori dela-eta, «arrisku egoeran» dagoen ikastetxetzat du Eusko Jaurlaritzak Arroabeko eskola. «Errepidez inguratuta gaude. Jaurlaritzako teknikaria hemen izan zen, eta ikusi zuen ezinezkoa zela gune hori ixtea. Beraz, Jaularitzak berak zehaztu zuen arrisku gune gisa gure eskola», azaldu du Albizuk.
Martxan da trena
Ostiraleko jaian azaldu zuen Arroabeko eskolako guraso elkarteak testuinguru berria. Guraso eta haur ugari bildu ziren, jaia eta aldarrikapena bat eginda. Honakoa adierazi zuten: «Trena atera da geltokitik, eta helmuga eskola berria martxan jartzen dugunean lortuko dugu».
Jesus Albizuk esan bezala, guraso elkarteko kideek ere jakinarazi dute eskaerak egiten dituzten heinean, proiektuak erritmo biziagoa hartzen dutela. Hori dela-eta, auzokoei gogorarazi diete «guztien esku» dagoela egitasmoa bultzatzea.
Erakundeekin lanean
Arroabeko eskolako ordezkariek lehen bilera egin dute Zestoako Udaleko talde berriarekin. Hiru hilean behin biltzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek. Horrez gain, guraso elkarteko kideek adierazi dute bilera bat eskatuko diotela Eusko Jaurlaritzari, proiektuaren erritmoa «egokia» dela ikusteko eta haiekin informazioa trukatzeko.
Eskola txikien festa Arroabean, 2017. urtean
Eskola berria egiteko lanak aurrera doazen bitartean, beste hitzordu garrantzitsu bat prestatzeko lan egin beharko dute Arroabean. Izan ere, bertan izango da eskola txikien jaia 2017an. Guraso elkarteko kideek gogorarazi dute jai hori antolatzeko ere auzotar eta herritarren laguntza beharko dutela aurrerantzean.