Urola Erdiko udal ordezkariak, Urkomekoak eta Iraurbi Berritzenekoak Insaustin, atzo. (Ana Abarisketa)
Urola Erdiko ordezkaritza zabala bildu zen atzo eguerdian Azkoitiko Insausti jauregiaren atarian, Urola Gustagarriren IV. edizioaren aurkezteko. Azkoitia, Azpeitia, Beizama eta Zestoako udal ordezkariez gainera, Urkomeko (Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartea) eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak elkartu ziren edizioaren berri emateko.
Bertakoa eta Garaikoa lelo hartuta, hil honetan hasi eta urtarrilera bitartekoa izango da oraingo proiektuaren aldia. Etxeko produktuak erabiltzearen eta kontsumitzearen garrantzia nabarmendu zuten, hala inguruko ekoizleak —baserriak eta ustiategiak— indartzeko.
Bertako produktuak udazkenean ohikoak diren azoketan izaten duten presentzia azpimarratu zuten era berean, eta azoka berezi batzuk aipatu zituzten: Azkoitiko San Andres azoka azaroaren 30ean; Errezilgo Sagarraren azoka abenduaren 6an; Azpeitiko santotomasetakoa abenduaren 21ean; eta, Zestoako Soro Peria, abenduaren 26an.
Bederatzi jatetxe
Laugarren edizio honen barruan Urola Erdiko bederatzi jatetxek plater bereziak eskainiko dituzte. Honakoek parte hartu dute egitasmoan: Azkoitiko Joseba eta Laja; Azpeitiko Jai Alai, Larrañaga, Mikel Uria, Sagasti Zahar eta Lau Bide; Beizamako Ostatu Zaharra; eta, Aranburu Aizarnan.
Hil honetatik datorren urtarrilera bitartean, bertako eta garaiko produktuekin osatutako platerak dastatzeko aukera izango da aurrez aipatutako jatetxe horietan.