Hondakinen gaia denen artean lantzeko eskatu dio EH Bilduk EAJri

Zestoako Hitza 2015eko azaroaren 11

Hondakinak biltzeko sistemaren gaia publikoki eztabaidatzea eskatu dio Zestoako EH Bilduk EAJri, hala herritarren aurrean proposamen guztiak eztabaidatu eta bide batez "herritarren iritziei eta kezkei lekua" egin ahal izateko. Urriaren 29an egindako udalbatzarrean hondakinen tasak %10 igotzea onartu zuen EAJk. EH Bilduk gogor salatu du igoera, Zestoan egun indarrean dagoen bilketa sistema emaitza "oso onak" izaten ari dela azalduz. "Mankomunitateko kide diren herrien artean Zestoa da emaitza onenak ematen ari dena. Tasaren igoera herritarrak ondo egiten aritzea zigortzea dela ulertu daiteke, edo aitzakia perfektua izan liteke udal gobernuarentzat berriro edukiontzien sistemara itzultzeko tentazioan erortzeko", azaldu EH Bilduk. Koalizioaren ustez, gaur egungo hondakinak biltzeko sistema hobetzen joan behar da.

Hobetu daitekeen sistema

Zestoako EH Bilduk azaldu du, "urtebete besterik" ez dela pasatu bilketa sistema berria indarrean jarri zenetik. "Oraindik hobetu daitekeen sistema da, horretarako prest gaude eta baditugu proposamen zehatzak", dio EH Bilduk. Edukiontzien sistemara itzuli diren herrietan arazoak izaten ari direla nabarmendu du koalizioak —Azkoitia kasu—, ondorioz, denen artean eztabaidatzeko gonbita luzatu die EAJko udal ordezkariei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide