Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urola Erdiko 22 enpresa hornitzaile eta sei enpresa traktore izan dira aurkezpenean, udal ordezkariekin batera. Aurrera begira enpresen arteko lehiakortasuna lantzeko lan ildoez aritu dira.
Urola Erdiko enpresen lehiakortasuna lantzeko helburuarekin sortu da Hornitu proiektua, Iraurgi Berritzen-en bidez. Pasa den ostegunean aurkeztu zuten egitasmoa Azkoitiko Insausti jauregian, eta bertan batu ziren eskualdeko ondorengo enpresa traktoreetako ordezkariak: Glual, Sarralle, Ibarmia, Juaristi, Sammic eta Domusa. Beste 22 enpresa hornitzaile ere Insaustin izan ziren. Bailarako udal ordezkariak ere gerturatu ziren.
Ekitaldiaren abiapuntutzat hartu zuten 2014an Urola Erdian egindako ehun ekonomiko-industrialaren egoeraren diagnostikoa. Industria Maparen ondorio nagusiak ere aurkeztu zituen Makina Erremintaren Institutuko Fermin Lazkanok.
Enpresa traktoreetako ordezkariek mahai-ingurua egin zuten, eta proiektuan parte hartzeko interesa eta konpromisoa agertu zituzten, aurrerantzean eskualdeko aktibitate ekonomikoa denen artean indartzeko saiakera egiteko. Iraurgi Berritzen-ek Hornitu proiektuaren barruan proposatzen diren lan ildoak aurkeztu zituen, enpresa hornitzaileekin kontrastatzeko.
Hala, katalogo digital baten bidez eskualdeko enpresa industrialen gaitasuna zabaltzeko nahia azaldu zuten. Horretaz gain, enpresa traktore eta hornitzaileen artean bisita eta jardunaldiak sustatuko dituzte, nazioarteko joerak eta beharrak ezagutzeko. Iraurgi Berritzen-ek bitartekari zerbitzua eskainiko du, identifikaturiko proiektuak bideratu ahal izateko.