EH Bildurentzat "hutsalak" dira alkateak zorraz emandako azalpenak

Zestoako Hitza 2015eko azaroaren 3a

Josetxo Mendizabal (EAJ) Zestoako alkateak Ogasunarekin duen zorraz azalpenak eman zituen ezohiko udalbatzarrean . "Kontu pertsonala" dela esan du alkateak, baina koalizioa ez dago ados.

EH Bilduk eskatuta ezohiko udalbatzarra egin zuten joan den ostegunean Zestoan, Josetxo Mendizabal (EAJ) alkateak azalpenak eman zitzan. Urriaren 22an jakin zen Zestoako alkateari soldata enbargatu ziola Gipuzkoako Ogasunak. Guztira, 55.394 euroko zorra du Mendizabalek ogasun publikoarekin, eta hilean 1.155 euro atxikiko lioke Ogasunak. Mendizabalek azaldu zuen gaur egun Ogasunarekin duen zorra, ordainketa batzuen atzerapenak eragindakoa dela, "kontu pertsonal bat da". Zorraren jatorrian iruzurrik dagoenaren frogarik ez dagoela ere esan zuen: "Orain arte autonomoa izan naiz, eta, beraz, Ogasunari era batera ordaintzen nion. Orain, ordainsari bat dut, eta Ogasunak atzeman duenean ordainsari bat dudala, hari eutsi dio, ordainketa ziurtatzeko. Ogasunari beste modu batean ordaintzeko aukera izateko eskatu diot, eta Ogasunak onartu egin du. Beraz, ordainsaria liberatuta gelditu da". EH Bilduk ohar bidez esan du alkateak ezohiko batzarrean emandako azalpenak «hutsalak» direla. Zorra bera egotea azpimarratu du koalizioak. "Ogasunarekin negoziatu ondoren, udaletik jasotzen zuen soldataren enbargua kenduta gelditu da, baina zorra hilero burutuko dituen ekarpenekin ordaintzen joango da". "Badakigu herritarrak nahikoa nekatuta ditugula gai honekin, eta egin beharrekoa egin dugunaren ziurtasunaz geratzen gara". EH Bilduk gaineratu du "herrigintzan lanean" jarraituko duela.

2016ko zergak eta tasak

Ezohiko udalbatzararen ondotik hileko ohiko batzarra egin zuten. Baina EH Bilduk erabaki zuen udalbatzarrean parte ez hartzea, alkateak aurretik izandako jarrera salatzeko. Hala, zinegotzi jeltzaleek onartu zuten 2016ko ordenantza fiskala. Zaborraren tasak %10eko igoera izango du datorren urtean eta, industriak, berriz, %5ekoa. Uraren tasa %5 igotzea onartu zuten. Hobariei dagokienez, baserrietako eta nekazal inguruko hobaria %20 igotzea erabaki zuten: orain arte %25ekoa jasotzen zuten, eta 2016an %45ekoa izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide