Txalaparta doinuekin hasi dute gaur, larunbata, 36ko gerraren ondoren Arroabeko lantegian preso izan zituztenak omentzeko ekitaldia.
Marcelo Usabiaga zena (uztailean hil zen 98 urterekin, atzo 99 beteko zituen) gogora ekarrita Arroabean egondako gainontzeko guztiak aipatu nahi izan dituzte. Haien omenez oroigarri bat ere jarri dute Arroabean, "gogoan izan dezagun, gerrak zer nolako sufrimendua eragin zuen".
"Gutxi genekien zer gertatu zen Arroabea auzoan. Agian, garai hartan zuten beldurrak eraginda jakin dugu horren gutxi. Hor preso egondakoen ondorengo batzuk gero auzoan gelditu ziren bizitzen. Baina, hemengo lantegian zeuden presoen kontua nahiko isilik eta ahanzturan egon da. Marcelo Usabiagari esker jakin ditugu gauza asko. Hari buruzko erreportajea
Hirian egunkarian atera zenean, irten zuen gaiak argitara", azaldu dute ekitaldiaren hasieran Arroabeko auzotarrek eta omenaldiaren antolatzaileek. Erreportajea idatzi zuen Aitor Azurki kazetariak ere parte hartu du ekitaldian.
Garai hartako lantegi zaharreko sirena berreskuratu dute Arroabean eta ekitaldiaren hasieran hura entzuteko aukera izan da. "Batzuk diote omenaldia berandu dela, baina uste dugu sekula ez dela berandu". Elizako kanpai hotsen ostean Karmelo Mendizabalek
Txoriak txori doinua jo du soinuarekin.
Segidan, Zestoako EAJko eta EH Bilduko udal ordezkariek ostegunean udalbatzarrean onartutako adierazpenaren berri eman dute.
Urte askoan Arroabera bizitzera etorritako Gerardo Sanchezek ere hitza hartu du omenaldiko ekitaldian. "1950ean etorri nintzen hona bizitzera eta 1981 urtera arte Arroabean egon nintzen. Gaur egun 95 urte ditut, eta euskaldunoi eskerrak eman beharrean nago", esan du ekitaldian.
Marcelo Usabiaga zenaren familiakoak ere Arroabean izan dira, Bittori Barcenas alarguna eta Miguel Usabiaga semea. Marceloren errauts batzuk Arroabean jarritako oroigarrian utzi ditu haren semeak. Familiaren izenean ekitaldiaren antolatzaileak eskertu ditu Miguelek: "Aitarentzako Arroabea berezia zen. Hemen preso egon arren, bertako bizilagunekin eta harreman handia izan zuen. Marceloren errautsen zati handi bat Pikoketan daude, eta beste zati bat orain Arroabean. Marcelok hemen ere bere ideien alde jardun zuen, eta preso guztien egin beharra ere bete zuen, presondegitik alde egitea". Bere hitzaldia, "gora Arroabean egindako preso errepublikar guztiak!" esanda bukatu du.
[flickr_set id="72157660601417535"]