36ko gerraren ostean Arroabeko lantegian preso egondakoak omenduko dituzte bihar

Zestoako Hitza 2015eko urriaren 30a

11:45ean izango da ekitaldia, Arroabeko pilotalekuaren ondoan.

Marcelo Usabiaga herenegun Arroa Behean (Ane Olaizola/Hitza). 36ko gerraren ondoren, Arroabeko lantegian preso izan zituzten pertsonak omenduko dituzte bihar, larunbata, Zestoako auzoan. Haien artean, gogoan izango dute aurten hil den Marcelo Usabiaga. 11:45ean izango da ekitaldia, Arroabeko pilotalekuaren ondoan. Aurkezpena egingo dute ordu horretan, eta 12:00etan minutu bateko isiltasuna egin eta sirena jarriko dute. Udalaren adierazpena irakurri, aurreskua egin, loreak eta plaka jarri eta txalaparta joko dute. Ondoren hamaiketakoa emango dute.

Usabiaga nor zen

Usabiaga Ordizian jaio zen, 1916an. Alderdi komunistan sartu zen gerra garaian, eta zenbait espetxe ezagutu zituen. Frantzian ere egon zen ihes eginda. Hamaika istorio eta historia zituen kontatzeko Usabiagak, eta haietako batzuk jaso zituen Horrelakoa izan zen Iruneko guda liburuan. Urtebete eta hiru hilabete egin zituen Arroan langile hark. Ondoren, Frantziara egin zuen ihes, beste hiru lagunekin. Berak alde egin eta gutxira itxi zuten espetxe hura. Gero, berriro atxilotu zuten urte batzuen buruan, eta 21 urtez eduki zuten preso. Kartzela eta heriotza zigorra izan zituen bizitzan zehar ordiziarrak, baina 98 urte harrapatu zituen Usabiagak. Aukera izan zuen bizitakoa kontatzeko, eta herrian aztarna lagatzeko. Hain zuzen, iaz eman zuen hitzaldi bat Arroabean. Txapela eta makila oparitu zizkion orduan Zestoako Udalak. Usabiagaren familia joango da urriaren 31n omenaldira, eta ordiziarraren beraren eta Arroan izan ziren preso guztien omenez jarriko dute plaka bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide