Amancay Gaztañaga: "Lan egiteko oinarri bat da Oholtzaberri, abiapuntua"

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 28a

Zestoako Interpretazio Eskolako zuzendaria da Amancay Gaztañaga zestoarra

Zestoako Interpretazio Eskolako zuzendaria da Amancay Gaztañaga zestoarra. Bat egin du Zestoako Interpretazio Eskolak Oholtzaberri proiektuarekin. Zer aukera ikusten dizkiozue egitasmo honi? Sortzaile ugari gaude bailaran, eta beti da interesgarria indarrak batzea, norberarena galdu gabe. Elkarlana da erdigunea, baina zuek garrantzia ematen diozue gauza txikiak zaintzeari ere. Lan asko egin du herri bakoitzak bere eskolekin, eta talde bakoitzak bere esentzia du. Bakarrik hasi ginen, eta elkarlana beti da ona aurrera egiteko, proiektuak lantzeko. Hori bai, gure izaera mantenduta. Gauza txikien izate eta izaerari eutsi behar zaio, eta hor dago magia. Zein da zuen papera Oholtzaberri proiektuan? Azpeititik etorri zitzaigun guri proiektua eginda, eta bat egin dugu proposamenarekin, azkoitiarrek egin duten bezala. Aurrera begira, lan egiteko ildoak finkatu ditugu, baina oinarri bat soilik da, abiapuntua. Ume bat bezala da egitasmoa eta heldu bihurtu behar du orain. Proiektuen artean nabarmentzekoa da euskal antzerkigintzaren artxibo bat sortzearena. Bai. EHAZEren proposamena da hori, egiten den guztia gordeta gera dadin, edonork kontsultatzeko. Gaur egun, ez dugu artxiborik: ez dakigu euskaraz zer antzerki ditugun, inguruko antzerki eskolek zer material erabiltzen duten, ezer ez. Beraz, aurrerapauso garrantzitsua litzateke arte honentzat. Antzerkigintzaren eta gizartearen arteko zubi lana ere indartu nahi duzue. Hori, batik bat, hezkuntzaren bidez egin nahi dugu. Txikitatik erakusten digute arteen munduan denak balio duela. Gai oso potoloa da hori; kontzientzia eskatzen du, eta lanketa eskoletan. Bailarako egitasmoa izateak ba al du zentzu berezia? Hiru herrietan dinamika biziak daude, eta ideia interesgarria da elkarlana ardatz hartzea. Hala ere, nabarmendu nahi dugu herri bakoitzaren aktibitateari helduko diogula, garrantzitsua baita eskola bakoitzaren izaera. Azpeitia ez da izango denaren erdigunea; izan ere, Soreasu baliabide gisa ulertzen dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide