Imanol Larrañaga: "Bakoitzak nahi zuen bidea har zezakeen, horregatik zen apustu polita"

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 26a

Azketako iturritik Erloko tontorrera hamar minutu azpitik iristea zen erronka, eta eskualdeko lau korrikalarik lortu zuten. Larunbat arratsaldean izan zen apustua, eta hamabost kirolarik parte hartu zuten, Urola Kostatik zazpi gizon izan ziren erlojupekoan. Imanol Lariz izan zen irabazlea gizonetan, eta Maite Maiora, emakumeetan. Urola Kostako lehena Imanol Larrañaga Bitturi izan zen, 9 minutu eta 12 segundoan egin zuen hark ibilbidea. "Sasoi onean" iritsi zen azkoitiarra probara, "denboraldia bukatu berri", eta "gustura" dago eginiko denborarekin. "Joan den astean izan zen nire azken lasterketa, eta banuen oinaze hori, baina dena ondo joan zen: jendea, eguraldia, zortea", esan du. (E. Albizu Lizaso) Bitturi Euskal Selekzioko kidea denez, hasiera-hasieratik zegoen gonbidatuta probara, eta zuen zalantzarik egin erronka onartzerakoan. "Proba berezia izan zen, eta gustatu zitzaidan. Hasieratik eman nuen nik baiezkoa", azaldu du. Uste zuena baino jende gehiago aurkitu zuen azkoitiarrak bazterretan: "Azpeitiar eta azkoitiarrez beteta zeuden txokoak, uste genuena baino jende gehiago hurbildu zen. Ezagunen ahotsak entzuten nituen behetik gora nindoala, eta horrek asko lagundu zidan". Larrañagak azaldu du bi bide aukeratu zituztela korrikalariek: zuzen-zuzena edo hasierako zatian bihurguneak egin eta bukaeran zuzen hartuta. Azkoitiarrak bigarrengoaren alde egin zuen: "Hiru aldiz joan naiz Erloko tontorrera. Lehena oinez egin nuen, zuzen, eta ikusi nuen hori ez zela nire hautua. Ondoren, Azketatik irten eta bihurgune batzuk sartuta saiatu nintzen, eta horixe egin nuen larunbatean ere". Nork hartu bide onena, hori zen gakoa Bitturirentzat: "Bakoitzak nahi zuen bidea har zezakeen Azketatik Erlora, horregatik zen apustu polita". Azketa-Erlo erlojupekoa errepikatzeko moduko proba iruditu zaio, eta hurrengo urtean ere han izango da, gonbidapena jasoz gero. "Ederra da korrikalarientzat zein herritarrentzat. Izan ere, guztioi jarri ziguten plana larunbat arratsalderako". Beste parte-hartzaile batzuen sentipenak bildu ditugu bideo honetan.

Joxe Apalantza: "Korrika joateko bueltan igotzea da onena; bide zuzena motzagoa da, baina indar gehiago behar da"

Joxe Apalantza errezildarrak gidari lanak egin zituen larunbatean, Azpeitiko plazatik abiatu ziren herritarrekin. Apalantza da, hain zuzen, Azketatik Erlora bitarteko bidea azkarren egin duen gizona, orain artean. 1993an jarri zuen hark marka: 7 minutu eta 24 segundo -larunbateko lehen sailkatua baino 59 segundo gutxiago-. «Bost tontorren erronka jokatu aurretik, Azketatik Erlora serieak egiten nituen entrenamendu gisa. Hiru aldiz jarraian egin nuen ibilbidea, eta denbora hauek atera zitzaizkidan: 7:24, 7:26 eta 7:28», azaldu du Apalantzak. Apalantza, Kepa Iribar kazetariarekin solasean (E. Albizu Lizaso) Errezildarrak lorpenen zerrenda luzea du. Bost ordu eta 28 minutuan egin zuen, adibidez, honako ibilbidea: Azpeitiko plaza-Ernio-plaza-Erlo-plaza-Xoxote-plaza-Arauntzako gurutzea-plaza-Oinatz. Errezildik Zelatuneko bordara 27 minutuan igo zen, Azpeititik Xoxotera 45 minutuan, eta Azpeititik Erniora ordubete eta 48 minutuan. Halako erronka asko ditu kontatzeko Apalantzak, eta maratoietan ere ibilia da: Espainiako txapelketa irabazi zuen 1994an, eta Behobia-Donostia maratoian bigarren postua eskuratu zuen. Larunbateko erronkan, ondo ikusi zituen korrikalariak, baina pena bat gelditu zitzaion: «Bakoitzak nahi zuen bidea hartu zuen, beraz, ezin dugu jakin nor den azkarrena». Bide zuzena izan zen korrikalari gehienek hautatua, baina Apalantza «bueltan» igo zen tontorrera marka jarri zuenean: «Korrika joateko bueltan igotzea da onena, bide zuzena motzagoa da, baina indar gehiago behar da», esan du errezildarrak. Erronka zalea da Apalantza, eta gustatu zitzaion apustua, «giro ona» zegoen Erloko tontorrean.

Larunbateko sailkapena eta denborak

Gizonak

1. Iñigo Lariz: 8:23. 2. Oier Ariznabarreta: 8:25. 3. Haritz Egea: 8:46. 4. Imanol Larrañaga: 9:12 (Azkoitia). 5. Joseba Diaz: 9:17 (Azkoitia). 6. Jexux Zelaia: 9:28 (Azpeitia). 7. Ioritz Goenaga: 9:57 (Azkoitia). 8. Iñaki Gabarain: 10:02 (Aizarnazabal). 9. Imanol Aleson: 12:24 (Azkoitia). 10. Egoitz Arruti: 13:02 (Azpeitia).

Emakumeak

1. Maite Maiora: 10:20. 2. Ainhoa Lendinez: 10:49. 3. Maria Zorroza: 11:38. 4. Elena Calvillo: 12:14. 5. Aitziber Ibarbia: 11:35. https://youtu.be/rCXg9dK_G58

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide