Bailarako antzerkigintza bildu eta indartu nahi dute Oholtzaberri egitasmoarekin

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 26a

Aitor Bengoetxea Sanagustin kulturguneko eta Azpeitiko Kutur Mahaiko kidea, Itziar Elias Azkoitiko antzerki sortzaileen ordezkaria, Zoila Berastegi EHAZEko kidea eta Amaia Odriozola Zestoako Interpretazio Eskolako ordezkaria (E. Albizu Lizaso) Euskarazko antzerkigintza hauspotzeko Oholtzaberri egitasmoa sortu dute bailaran. Azpeitia izango du erdigune, baina Urola Erdiko baliabideak biltzea eta saretzea da proiektuaren xedea. "Ezer berria asmatzen hasi gabe, dagoeneko martxan dauden baliabideak aprobetxatu eta koordinatuko ditugu", azaldu du Aitor Bengoetxea Sanagustin kulturguneko eta Azpeitiko Kultur Mahaiko kideak. Egitasmoaren xedea da Azpeitia eta bailara antzerkigintzan erreferentea izatea: "Azpeitia euskal antzerkigintzako arnasgunea dela esan izan digute beti, hori egia bihurtzeko saiakera da hau". Bengoetxeak azaldu duenez, Urola Erdian badira baliabideak eta harremanak bidea egiten hasteko, eta horri helduko diote "antzerkigintzaren mikroklima" osatzeko. "Aterki lana egingo du Oholtzaberri proiektuak", nabarmendu dute. Egitasmoaren sortzaileak dira Azpeitiko Kultur Mahaia, Sanagustin kulturgunea, Azpeitiko Udala eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea. Bestalde, proiektuari batu zaizkie Zestoako Interpretazio eskola eta Azkoitiko antzerki sortzaileak ere.

Antzerkizaleak saretzen

(E. Albizu Lizaso) Abiapuntu bezala, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako mugimenduak aipatu ditu Bengoetxeak, antzerkigintzan "dinamika sendoak" sortu direlako hiru herrietan. Hala ere, Errezil, Beizama eta gainontzeko udalerriekin lana egingo dutela esan dute, antzerkia ez dadin lotu soil-soilik Soreasu antzokiarekin. "Soreasu hemen izango dugu, eta ziur aski topaleku bat izango da, baina nabarmendu nahi dugu espazioak alde batera utzi, eta elkarlana landu nahi dugula". Helburu zehatzak eta haiek betetzeko proiektu batzuk azaldu dituzte jada. Xedeen artean, hiru nabarmendu dituzte: antzerkigintza egituratzea, hornitzea eta zor zaion lekua eskaintzea; Soreasu antzokia azpiegitura "bizi eta dinamiko" bihurtzea baliabideak aprobetxatuz; eta Azpeitia zein bailara erreferentzia bihurtzea euskarazko antzerkigintzari dagokionez. Horretarako, hiru fasetan landuko dute gaia: sormen-prozesua, taularatzea eta ondorengo topaketa zein azterketak. "Ezinbestekoa da elemendu horiek aldi berean kontuan hartzea egitasmoa modu integralean lantzeko", esan dute. Eragileak inplikatzea ezinbesteko ikusten dute eta aholku mahaia osatuko dute, kontseilu gunea bezala. Honakoak dira dagoeneko abian dituzten proiektuak:
  • Egoitza programa: ​Soreasu Antzokiko azpiegiturak baliatuz antzerki konpainien egonaldiak gauzatuko dituzte, konpainien sormen ­prozesua garatzeko.
  • EHAZE­ren egoitza birkokatzea: ​Elkarteari baliabide hobeak eskainiz, zor zaion lekua jarriko diote, dinamika horretan parte-hartze aktiboa izateko eta balioan jartzeko.
  • Programazioaren plangintza: ​Eskualdeko antzerki programazioaren eskaintza koordinatu, indartu eta promozionatuko dute.
  • Antzerki eskolak indartu: ​Antzerkizale berriek antzerkigintzaren etorkizuna bermatuko dutela kontuan izanda, antzerki eskolak, harrobiak, indartuko dituzte.
  • Euskal Antzerkigintzaren Dokumentazio Zentruaren lehen hazia: ​Artxibo bat sortuko dute transmisioa, memoria eta etorkizuna lantzeko ezinbestekoa dela-eta.
  • AntzerkiLab: ​Antzerkia modu dinamikoan, zuzenean eta parte-hartzailean landuko dute gune gune horretan.
  • Mediazioa: Bailarako herritarrengana antzerkia modu zuzen zein aktiboan iristeko zubiak eraikiko dituzte, ikus-entzuleak eragile parte-hartzaile moduan landu, eta etorkizuneko ikusle berriak sortzeko. Zubilana egingo dute gizartea eta antzergintzaren artean, eta hezkuntza edo kalea bezalako guneak erabiliko dituzte.
  • Elkarlana: ​Elkarlana ardatz gisa jarriko dute, bailara kultur mapan euskarazko antzerkigintzaren erreferentzia gune gisa kokatzeko eta lurraldeko beste antzerki eragileekin saretzeko.
Larunbatean ospatu zuten antzerkizale eguna izan zen lan horren abiapuntua, "antzerkigintzaren arnasgune osparoa izango den oholtza berria sortzeko".
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide