Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaia lantzeko talde berri bat osatu nahi dute, eta oinarriak finkatzeko lanean ari dira. 19:30ean da bilera, Kultur Etxean.
Zestoako egoera sozioekonomikoarekin arduratuta dago herritar talde bat, eta bilera irekia deitu dute biharko, astearterako, 19:30etik aurrera, Kultur Etxean. Gaia ardatz hartuta, talde berri bat sortu nahi dute krisi ekonomikoa, sistemikoa eta soziala lantzeko. "Zestoa justuagoa" eraikitzeko lan egin nahi dute, "etxetik hasita konpromisoak hartuz". Beraz, herritar guztiak gonbidatu dituzte bilerara.
Deialdia egiteko eguneroko kasu ezagunak jarri ditu taldeak abiapuntutzat: "Ikusi ditugu gure senideak atzerrira lan bila joaten, gure bizilaguna hil bukaerara iritsi ezinik gizarte laguntzak eskatzen, lagunak kontraturik gabe tabernari lanetan beltzean kobratzen, enpresak ixten eta ehunka lagun kalean, lanik gabe". Gutxi batzuen onerako, gehiengoak pairatu ditu eskubide sozialen urraketak, Zestoako taldearen arabera, eta horri nahi diote buelta eman.
Azken hamarkadetan irabazitako eskubideak "lapurtzen" ari direla salatu dute, eta zer egina badela aldarrikatu dute. "Konpromisoak hartzen hasteko garaia da. Zestoa justuago bat posible dela sinesten dugu, eta hori eraikitzera goaz; denon artean, elkartasunean oinarrituz. Hemen lan eta bizi nahi dugulako. Txikitik, guretik, etxetik hasita eta ekinda lortuko dugu handian eragitea", esan dute.