Zazpi lagunek lortu dute Azketatik Erlora hamar minutu azpitik igotzea

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 24a

Emakumeen artean, bi korrikalari igo dira 11 minutu eta erdi baino lehen. Iñigo Lariz eta Maite Maiora izan dira azkarrenak.

"Hamar minutu azpitik ezetz". Horixe zen Hiru Erregen Mahaiak korrikalariei botatako erronka, eta zazpi lagun igo dira hamar minutu azpitik Azketatik Erloko tontorrera. Emakumeetan, bi kirolarik lortu dute apustua haustea. Haiek 11 minutu eta erdi azpitik egin behar zuten ibilbidea. Iñigo Lariz izan da azkarrena gizonetan, 8 minutu eta 23 segundoko denborarekin; emakumeetan, Maite Maiora izan da lehena, 10 minutu eta 20 segundon. Eskudealdeko zazpi kirolarik parte hartu dute proban, eta haietatik Imanol Larrañaga izan da azkarrena, 9:12 denborarekin. Laugarrena izan da azkoitiarra sailkapen nagusian. Hasiera eta bukaera jarri dizkiete Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko kazetariak eta lankideek lasterkariei, eta haiek erabaki dute zer bide hartu tontorrera igotzeko. Zuzeneko bidea aukeratu dute ia denek. Honakoa da gaurko sailkapena, denborekin:

Gizonak

1. Iñigo Lariz: 8:23. 2. Oier Ariznabarreta: 8:25. 3. Haritz Egea: 8:46. 4. Imanol Larrañaga: 9:12 (Azkoitia). 5. Joseba Diaz: 9:17 (Azkoitia). 6. Jexux Zelaia: 9:28 (Azpeitia). 7. Ioritz Goenaga: 9:57 (Azkoitia). 8. Iñaki Gabarain: 10:02 (Aizarnazabal). 9. Imanol Aleson: 12:24 (Azkoitia). 10. Egoitz Arruti: 13:02 (Azpeitia).

Emakumeak

1. Maite Maiora: 10:20. 2. Ainhoa Lendinez: 10:49. 3. Maria Zorroza: 11:38. 4. Elena Calvillo: 12:14. 5. Aitziber Ibarbia: 11:35. Lariz eta Maiorari hosto beltza eman diete sari gisa antolatzaileek, txapelaren ordezko garaikurra da hosto beltza, Euskal Herrian erabiltzen zena. Bestalde, Disdira bitxidendak prestatutako eraztun bana jaso dute, eta Azpeitiko Udalak ere oroigarria eman die. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Estitxu Elduaien Kirol batzordeburua izan dira sari-banaketan. Ondoren, luntxa egin dute Lagun Onak mendizaleen tabernan. Honakoa da gaurko argazki bilduma, bihar argitaratuko dugu labur-bideoa, eskualdeko zenbait protagonisten hitzekin. [flickr_set id="72157660283613605"]  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide