Zestoako alkateak esan du zorra kitatu duela Ogasunarekin

Ana Abarisketa-eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 23a

Josetxo Mendizabali soldata enbargatu dio Gipuzkoako Ogasunak, harekin zituen zorrak tarteko. Zestoako EH Bilduk ezohiko udalbatzarra egitea eskatu du.Josetxo Mendizabal (EAJ) Zestoako alkatearen soldata enbargatu du Gipuzkoako Ogasunak. Guztira, 55.39...

Josetxo Mendizabali soldata enbargatu dio Gipuzkoako Ogasunak, harekin zituen zorrak tarteko. Zestoako EH Bilduk ezohiko udalbatzarra egitea eskatu du.

Josetxo Mendizabal (EAJ) Zestoako alkatearen soldata enbargatu du Gipuzkoako Ogasunak. Guztira, 55.394 euroko zorra du Zestoako alkateak ogasun publikoarekin, eta hilean 1.155 euro atxikiko lioke Ogasunak. Zestoako Udalak aste honetan jaso du Ogasuneko zerga-bulegoko zuzendariaren txostena.

Mendizabalekin hitz egin zuen atzo HITZAk, eta hark azaldu du dagoeneko konpondu dituela Ogasunarekin zituen betebeharrak. Asteartean iritsi zen jakinarazpena Zestoako Udalera, haren arabera. Adierazi duenez, autonomo zeneko kontua da hori, bere negoziokoa, eta preskribituta dago. «Ogasunarekin konpondu dut guztia, kitatu dut zorra, eta dagoeneko jakinarazi didate enbargoa kendu dutela, udalera ere beranduenez biharko [gaurko] iritsiko da gutuna», adierazi du Mendizabalek.

Alkateak azaldu du dokumentu ofizialak eskura dituenean plazaratuko dituela, guztiek ikus ditzaten. Bestalde, Zestoako EAJ aztertzen ari da ohiko udalbatzarrean gaia jorratu edo ezohiko udalbatzar batera deitzea.

EH Bildu, ezohiko eske

Zestoako EH Bilduk berehalako ezohiko batzarra eskatuko dio alkateari, dagozkion azalpenak eman ditzan. HITZAri Mikel Arregi Ertxin EH Bilduko bozeramaileak egiaztatu zion udalak jaso duela txostena. «Argi dago bere jarduera pribatuan iruzur egin duela alkateak, beraz, sinesgarritasun osoa galdu du guretzat, eta herritarrentzat ere onartezina dela uste dugu». EH Bilduk alkatearen dimisioa eskatuko duela esan du Arregik. «Enbargua berehala ordaintzen badu ere kaltea dagoeneko eginda dagoela uste dugu».

Atzo eguerdian oharra zabaldu zuen Zestoako EH Bilduk eta alkateari berari eta EAJri «berehalako neurriak» hartzeko eskatu dio. «Prozedura kontuak medio eta herritarrei zor zaien errespetuagatik, alkateak eman beharreko azalpenak ezohiko osoko bilkuran eman behar dituela iruditzen zaigu», dio oharrean EH Bilduk.

Ahal Duguk EAJri

Ahal Duguk ere azalpenak eskatu dizkio EAJri. Juantxo Iturria Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ahal Dugu-ko eledunak, azalpenak emateko eskatu dio EAJri: «Publikoki azaldu dezala ea Zestoako alkatearen zorraren berririk bazuen. Zestoako alkateak kargua hartu orduko %47 igo zuen soldata, urteko 52.707 euroko soldata ipiniz. Madrilgo alkate den Manuela Carmenak (45.500 euro) eta Bartzelonako alkate Ada Colauk (37.000 euro) baino soldata handiagoa jarriz bere buruari».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide