Zestoako anbulatorio berria orain gutxi inauguratu dute. Hara mediku euskaldun bat ordezkatzeko euskalduna ez den mediku bat bidali dutela eta Aitor izeneko Zestoako bizilagun batek bere kexa helarazi dio Eusko Jaurlaritzari. Hona hemen idatzia osorik:
"Eusko Jaurlaritzako norbaitek azalduko al dit mesedez nork duen hau gertatzearen ardura, nork hau zuzentzearena, zer neurri hartuko diren, zergatik ez diren hartu orain arte... Erantzun beharreko kontu ugari daudela iruditzen zait.
Zestoa herri erabat euskalduna da, bertako osasun etxean bi mediku daude, biak euskaldunak. Pentsatzekoa da, bi mediku lanpostu horiek betetzeko euskara ezagutzea ezinbesteko baldintza izango dela. Bale. Orduan, zer dela eta urriko lehen astean, mediku euskaldun horietako baten ordezkapena egiteko mediku ez-euskaldun elebakarra bidaltzen du Osakidetzak Zestoara? Mespretxu galanta Zestoako herri guztiari! Zestoan hau gertatzen bada ez da zaila imajinatzea beste lekuetan antzekoak edota okerragoak gertatzen direla. Earra panorama Osakidetzakoa.
Uste dut Eusko Jaurlaritzako buruetako batek adierazi zuela herritarrek ez zutela ulertzen euskarari dagokionez atzerapausoak ematea Osakidetzan. Ba ez jauna, ez dugu ulertzen hori gertatzea, eta ezta ere Jaurlaritzako buruek ezer ez egitea egoera honen aurrean.
Zestoan, osasun etxe berria dugu, oraintxe inauguratua. Erabiltzaileon eskubideetaz farre egitearren eraikin berria jarri izana eskertzekoa da, orain gure etsipena sufritzeko espazio gehiago izango dugu eta. Etsigarria da, benetan!" Aitor