[caption id="attachment_167059" align="alignleft" width="300"]

Josetxo Mendizabal, Zestoako alkatea.[/caption]
Josetxo Mendizabal (EAJ) Zestoako alkatearen soldata enbargatu du Gipuzkoako Ogasunak. Guztira, 55.394 euroko zorra du Zestoako alkateak ogasun publikoarekin, eta hilean 1.155 euro atxikiko lioke Ogasunak.
Gara egunkariak argitaratu du albistea eta, azaldu duenez, Ogasuneko zerga-bulegoko zuzendariaren txostena jaso du dagoeneko Zestoako Udalak. Zestoako EH Bilduk ahalik eta azkarren ezohiko udalbatzarra deitzeko eskatu dio alkateari.
Mendizabalekin hitz egin du HITZAk, eta hark azaldu du dagoeneko konpondu dituela Ogasunarekin kolokan zituen kontuak. Asteartean iritsi zen jakinarazpena Zestoako Udalera, haren arabera. Adierazi duenez, autonomo zeneko kontua da hori, bere negoziokoa, eta preskribituta dago. "Ogasunarekin konpondu dut guztia, kitatu dut zorra, eta dagoeneko jakinarazi didate enbargoa kendu dutela, Udalera ere beranduenez biharko iritsiko da gutuna", adierazi du Mendizabalek.
Alkateak azaldu du dokumentu ofizialak eskura dituenean plazaratuko dituela, guztiek ikus ditzaten. Bestalde, aztertzen ari dira ohiko udalbatzan gaia jorratzea edo ezohiko udalbatza deitzea.
Zestoako EH Bilduk, ahalik eta azkarren udal osoko bilkura deitzeko eskatu dio alkateari
Zestoako EH Bilduk berehalako ezohiko batzarra eskatuko dio alkateari, dagozkion azalpenak eman ditzan. HITZAri Mikel Arregi EH Bilduko bozeramaileak egiaztatu dio udalak jaso duela txostena. "Argi dago bere jarduera pribatuan iruzur egin duela alkateak, beraz, sinesgarritasun osoa galdu du guretzat, eta herritarrentzat ere onartezina dela uste dugu". EH Bilduk alkatearen dimisioa eskatuko duela esan du Arregik. "Enbargua berehala ordaintzen badu ere kaltea dagoeneko eginda dagoela uste dugu". EAJri dagozkion azalpenak emateko eskatu dio Zestoako EH Bilduk.
Zestoako EH Bilduk ohar bat kaleratu du eta han ezohiko udalbatzarra deitzeko eskatu dio alkateari, "alkateak informazioaren gainean eman beharreko azalpenak eman ditzan. Ezohiko osoko bilkura ahalik eta azkarren deitu dezala eskatu dugu, bertan egiten diren baieztapenak benetan larriak iruditzen zaizkigulako".
EH Bilduren ustez, alkateak eman beharreko azalpenak ezohiko osoko bilkuran eman behar ditu, "prozedura kontuak medio eta herritarrei zor zaien errespetuagatik". Horrez gain, alkateari berari eta alderdiari "berehalako neurriak" hartzeko eskatu dio koalizioak: "Ogasun publikoari tamaina horretako iruzurra egin dion pertsona batek erakunde publiko bateko buru eta ordezkari ezin duela izan uste baitugu. Era berean, Ogasun publikoari iruzur egin izana nahikoa arrazoi iruditzen zaigu alkateak bere dimisioa aurkez dezan".
Ahal Duguk EAJri azalpenak emateko eskatu dio
Juantxo Iturriak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ahal Dugu-ko eledunak, Zestoako alkateak Ogasunarekin duen zorraren inguruan azalpenak emateko eskatu dio EAJri: "Publikoki azaldu dezala ea Zestoako alkatearen zorraren berririk bazuen. Zestoako alkateak kargua hartu orduko %47 igo zuen soldata, urteko 52.707 euroko soldata ipiniz. Madrilgo alkate den Manuela Carmena (45.500 euro) eta Barcelonako alkate Ada Colau (37.000 euro) baino soldata handiagoa jarriz bere buruari". Iturriak uste du, EAJ azalpenak eman beharrean dagoela: "Kasu honek La Escopeta Nacional-eko eszena baten antz gehiago du EAJk foru gobernuan aldarrikatzen duenarena baino".