Atzera-kontua hasi da. Euskadi Irratiko 'Hiru Erregeen Mahaia' kirol saioak botatako erronka hasteko geroz eta gutxiago falta da. Punta-puntako korrikalariak batuko dira larunbat honetan, Azketatik (Azpeitia) Erloko tontorrera (Zestoa) korrika egingo duten ibilbidean. «Hamar minutu azpitik ezetz», horixe da Txetxu Urbieta irratsaioaren zuzendari azpeitiarrak botatako erronka, hain justu. Egitarauari dagokionez, eguerdian hasiko da giroa berotzen, arratsaldean erronkari hasiera emateko. Hala, lasterketan parte hartuko duten kirolariak, antolatzaileak zein proba bertatik bertara jarraitu nahi dutenak 14:00etan elkartuko dira Azpeitiko plazan, eta ikusleak 14:30ean abiatuko dira mendi martxan Azketa alderantz, Joxe Apalantza errezildarra buru dutela.
Honakoa da eskualdeko zenbait parte-hartzailek kontatu digutena:
Egoitz Arruti, Xeye atletismo taldea (Azpeitia): "Ez dakit seguru zer bide hartuko dudan; gaurkoz diot zuzen saiatuko naizela"
"Txetxu Urbietak bota zigun erronka Xeyeko kideei, eta animatu egin ginen. Festa bat izango da, eta horren parte izateko aukera bezala ikusten dugu. Niretzat berria da mendiko lasterketen kontu hau. Beraz, saiatu naiz errepidean egiten ditudan entrenamenduak mendiko ibilbideetara egokitzen. Hamar minutuko saioa izango da, eta guztia emanda egin beharko da erlojupekoa, bihotza bizkor jarrita.
Alde handia dago bide bat edo bestea aukeratu, eta ez dakit seguru-seguru zer bide hartuko dudan. Bi lekutatik egin dut proba, eta indarra eta gaitasuna izanez gero, onena zuzen-zuzenean joatea da. Egunean bertan ea nola sentitzen naizen; gaur-gaurkoz diot zuzen egiten saiatuko naizela. Entrenamenduetan hamar minutu baino gehixeago behar izan ditut, baina zatika ari naiz egiten bidea. Uste dut egongo direla bederatzi minutu azpitik egingo dutenak ere: Egea, Larrañaga, Lariz eta Ait Chaou... Xeyeko Diaz gai ikusten dut hamar azpitik egiteko, eta Goenaga hortxe-hortxe ibiko da. Erronkak giro ona jarri du kalean, jendea mugitzen ari da".
Ioritz Goenaga, Xeye atletismo taldea (Azkoitia): "Zapatukoa ez da gainerako probak bezalakoa, gozatu beharrekoa baizik"
"Xeyeko kideok edozertara animatzen garenez, ezin izan nion ezetzik esan Txetxu Urbietak botatako erronkari. Proba benetan ederra izango dela uste dut gainera. Azken asteetan ibilbidea probatzen aritu naiz. Bestela ere mendian asko ibiltzen naiz eta, mendiko lasterketetan igoera bertikal dezente egiten ditudanez, entrenamenduak ez dira hainbeste aldatu niretzat.
Bidea probatzen, gurutzatu dut erronkan parte hartuko duenik, eta aprobetxatu izan dugu elkarri galdetzeko hartuko dugun norabideaz. Nik zuzen igoko dut malda, inolako dudarik gabe; ibilbidea probatu nuen, eta iruditzen zait zuzen igotzea dela aukerarik azkarrena. Hamar azpitik egiteko nahikoa lan izango dugu, baina itxaropentsu nago. Entrenamenduetan ez dut ibilbidea osorik egin, baina proba batzuk egin ditut, eta igotzeko moduan ikusten dut neure burua. Lehia arratsaldean izatea ere ondo dago goizetan kostatu egiten baizait esnatzea.
Uste dut norgehiagoka Egea eta Larizen artean egongo dela. Ez da beste lasterketak bezalakoa; hau gozatu beharrekoa da".
Iñaki Gabarain, Zumaiako Triatloi Taldea (Aizarnazabal): "Txetxuk esan zidan ez nuela hamabi azpitik egingo; baietz erantzun nion"
"Kasulitatea da nik erronkan parte hartzea. Orain hiru aste Urbieta aipatu nuen txio batean, entrenatzen inor ez dabilela esanez. Erantzun zidan nik ez nukeela denbora hamabi minututik jaitsiko. Baietz esan nion nik, eta halaxe eman zidan izena apustuan. Nire helburua, beraz, hamabi minututik jaistea izango da, ez bainaiz gai ikusten hamar minutu baino gutxiagoan egiteko. Errepidean egin ohi dut lasterka, baina hau izango da nire lehen esperientzia mendian. Azken asteetan, dezente ibili naiz mendian, eta serie motzak egin ditut entrenatzeko.
Ibilbidea nahiko argi dut, ez badut azken unean ideiaz aldatzen, behintzat. Zuzeneko bidea hartuko dut, baina hasieran bihurgune bat egingo dut, eta zuzenean bukatuko dut. Entrenamenduetan jaisten dut hamabi minututik, beraz, espero dut Txetxurekin dudan apustu hori irabaziko dudala, okerrik ezean.
Aise jaitsiko dute denbora hamar minututik ondo ibiltzen direnek. Sumatzen da beste proba batzuk baino oihartzun handiagoa izan duela honek. Plan polita da proba ikustera joatea ere".
Parte-hartzaileak
Irteera orduak
16:18. Hassan Ait Chaou (Euskal Selekzioa).
16:20. Imanol Aleson (Azkoitia).
16:22. Oier Ariznabarreta (Euskal Selekzioa).
16:24. Egoitz Arruti (Xeye Atletismo Taldea, Azpeitia).
16:26. Elena Calvillo (Euskal Selekzioa).
16:28. Joseba Diaz (Xeye Atletismo Taldea, Azkoitia).
16:30. Haritz Egea (Euskal Selekzioa).
16:32. Iñaki Gabarain (Aizarnazabal).
16:34. Ioritz Goenaga (Xeye Atletismo Taldea, Azkoitia).
16:36. Aitziber Ibarbia (Euskal Selekzioa).
16:38. Iñigo Lariz (Euskal Selekzioa).
16:40. Imanol Larrañaga (Euskal Selekzioa).
16:42. Ainhoa Lendinez (Elgoibar).
16:44. Maite Maiora (La Sportiva).
16:46. Jexux Zelaia (Azpeitia).
16:48. Maria Zorroza (Euskal Selekzioa).