"Hamar minutu azpitik ezetz"

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 20a

Azketatik Erlora egingo dute lasterkan hamasei kirolarik larunbatean. ‘Hiru Erregeen Mahaia’ saioak bota du erronka, eta mendi korrikalari onenak izango dira.

(Lagun Onak Mendi Bazkuna) "Hamar minutu azpitik ezetz". Erronka horixe bota die Euskal Selekzioko korrikalariei Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia kirol saioak. Azketatik (Azpeitia) Erloko tontorrera (Zestoa) joan beharko dute haiek, lasterka. Ez dago ibilbide jakinik, nahi duten tokitik igo baitaitezke parte-hartzaileak. "Bide zehatzik ez dago, bakoitzak nahi duen tokitik igotzeko aukera du, zuzen-zuzenean, zeharka... nahiago duten moduan", esan du Txetxu Urbieta Hiru Erregeen Mahaia-ko kazetari azpeitiarrak. Euskal Selekzioko kideek ez ezik, bestelako zenbait herritarrek ere bat egin dute erronkarekin. Horrenbestez, guztira hamasei kirolarik onartu dute apustua. Horien guztien artean, eskualdeko seik neurtuko dituzte indarrak larunbatean: Imanol Aleson, Joseba Diaz eta Ioritz Goenaga azkoitiarrek, Egoitz Arruti eta Jexux Zelaia azpeitiarrek eta Iñaki Gabarain aizarnazabaldarrak. Emakumeek 11 minutu eta erdian igo beharko dute tontorrera. Bost andrek onartu dute erronka: Elena Calvillok, Aitziber Ibarbiak, Ainhoa Lendinezek, Maite Maiorak eta Maite Zorrozak. Larunbatean, 16:18an irtengo da lehen korrikalaria Azketako iturriaren paretik, eta haren ondoren, bi minutuko tartearekin abiatuko dira gainontzekoak; azkena, 16:48an irtengo da. Parte hartzen duten guztiek jasoko dute Diego Garciaren liburua, opari gisa. Bestalde, hosto beltza garaikurra egongo da irabazleentzat, emakumeentzat zein gizonentzat. Erramuzko koroaren antzekoa da garaikurra, Euskal Herrian erabilia, txapela oparitzen hasi aurretik. Horrez gain, Disdira bitxi dendaren partetik opari sorpresa ere egongo da. Herritarrek aukera izango dute Erlora mendi irteera egiteko, Joxe Apalantza errezildarra gidari lanetan dutela. 14:00etan izango da elkartzea, Azpeitiko plazan, eta 14:30ean abiatuko dira mendi aldera. Bidea aztertuko dute antolatzaileek 15:30etik aurrera, eta 16:18ean irtengo da lehen parte-hartzailea.

Zure argazkia bidali

Lehiaketa bat jarri dute abian Euskadi Irratiko kideek. Erronka dela-eta, giroa berotzen joateko, herritarrei eskatu diete argazkiak bidaltzeko Azketatik eta Erlo gainetik. Irudiak bidaltzen dituztenen artean, Go pro kamera bat zozkatuko dute. mahaia@eitb.eus helbidera edo 688-66 60 00 zenbakira Whatssapp mezu bat bidali behar da. Bestalde, Imanol Aleson azkoitiarrak jakinarazi du zein den bere hautua. Hark uste du eskuineko aldetik joatea dela aukera aproposena, eta adierazi du «kostatu» egingo zaiela Euskal Selekziokoei ere erronka hamar minutuan egitea. Bien bitartean, sare sozialetan ari dira atletak erronkak onartzen eta mendiko irudiekin bideoak argitaratzen, Urbietak zirikatuta.

Parte-hartzaileak

Irteera orduak

16:18. Hassan Ait Chaou (Euskal Selekzioa). 16:20. Imanol Aleson (Azkoitia). 16:22. Oier Ariznabarreta (Euskal Selekzioa). 16:24. Egoitz Arruti (Xeye Atletismo Taldea, Azpeitia). 16:26. Elena Calvillo (Euskal Selekzioa). 16:28. Joseba Diaz (Xeye Atletismo Taldea, Azkoitia). 16:30. Haritz Egea (Euskal Selekzioa). 16:32. Iñaki Gabarain (Aizarnazabal). 16:34. Ioritz Goenaga (Xeye Atletismo Taldea, Azkoitia). 16:36. Aitziber Ibarbia (Euskal Selekzioa). 16:38. Iñigo Lariz (Euskal Selekzioa). 16:40. Imanol Larrañaga (Euskal Selekzioa). 16:42. Ainhoa Lendinez (Elgoibar). 16:44. Maite Maiora (La Sportiva). 16:46. Jexux Zelaia (Azpeitia). 16:48. Maria Zorroza (Euskal Selekzioa).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide