(E. Albizu Lizaso)
Zestoako anbulatorio berria inauguratu dute gaur, ostirala, eta Josetxo Mendizabal alkateaz gain, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendaria, Jon Darpon Osasun sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan dira hasiera ekitaldian.
3.600 herritarrentzat prestatu dute osasun zentroa, Euskal Herria plazan, lehengo osasun etxetik gertu, eta
552 metro koadro ditu eraikinak -zentro zaharrak 172,63 metro koadro zituen-.
Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak esan du
599.779 euroko inbertsioa egin dutela, zestoarrentzat eta langileentzat "hobekuntzak" txertatzeko. Irisgarritasuna eta erosotasuna areagotu dituztela jakinarazi du Urkulluk, eta nabarmendu du guneak egokitu egin dituztela "sendaketa probak" egiteko eta "mugikortasun murriztua" duten pertsonak hobeto artatzeko. "Hau da osasunarekin dugun konpromisoaren beste froga bat", adierazi du lehendakariak.
Josetxo Mendizabal alkateak eskerrak eman dizkie aurreko bi agintaldietan osasun zentroa abian jartzeko lana egin duten pertsonei, eta ahotan izan ditu Alazne Olaizola eta Leire Etxeberria alkate ohiak, baita lagundu dieten politikariak eta teknikariak ere. "Elkarlanean jardun dugu gogo handiz, eta adibide gisa nahi dugu jarri elkarlan hori. Esan nahi dugu elkarlanak ondorio onak dituela beti herriarentzat", jakinarazi du.
"Amets luze batetik esnatzea bezala izan da osasun etxe hau inauguratzea", adierazi du alkateak. Zestoarrei eta herritik pasatzen direnei anbulatorioa eskaintzea "ohore handia" dela esan du Mendizabalek. "Oso modernoa da zentro berria, XXI. mendekoa", azaldu du, eta aurrera begira, Darpon zein Urkulluri eskatu diete espezialitate batzuk Zestoara eramateko.
Bestalde, Jon Darpon Osasun sailburuak esan du beraien helburua dela "antolamendu berri bat" martxan jartzea, "herritarren osasuna hobeto zaintzeko". Jon Etxeberria Osasun sailburuak ere jakinarazi du egitura berriak sustatzen jarraituko dutela. Guztiek aipatu dituzte langileak, eta esan dute haiei esker dela ona Osakidetzaren funtzionamendua. Langileen balditzak ere hobetu dituela esan du Mendizabalek: "Langileek baldintza hobeak izanda, pazienteentzat ere askoz hobea izango da zerbitzua".
Datu praktikoak
Ordutegia: 08:00-15:00.
Langileak: Medikuntza orokorreko hiru sendagile, medikuntza orokorreko hiru erizain, bi pediatra eta bi administrari. Horrez gain, emahin bat joango da astean behin -astearteak, 08:00-11:00-.
Zerbitzu berriak: Liburutegia, bilera-gela, bezeroaren arretarako bulegoa, egokitutako itxaron gela, aldagelak eta nagusiaren bulegoa.
[flickr_set id="72157659233358008"]