Asteazkenean inauguratu zuten ikasturte berria Zestoako AEK-n, Zestoako Udaleko eta AEK-ko ordezkariak izan ziren bertan. Guztira 29 izango dituzte Euskaltegian.
Atzo hasi zuten Zestoako Euskaltegian 2015-2016 ikasturtea. Aurreko egunean, asteazken iluntzean, inaugurazio ekitaldia egin zuten Kultur Etxeko bulego berrian. Inaugurazio ekitaldian honako hauek parte hartu zuten: Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusia, Marian Astigarraga eta Borja Arbelaitz AEK-ko Gipuzkoako arduradunak, Amaia Olazabal Urola Kostako AEK-ko arduraduna, Zestoako Euskaltegiko arduradun Uxoa Arruti eta Irati Aldaz irakaslea, Nora Palmitano Udaleko Euskara teknikaria eta EAJko eta EH Bilduko zinegotziak.Uxoa Arrutik Zestoako AEK-ko arduradunak ikasle guztiak ongi etorriak direla esan zuen, eta gogoratu zuen Zestoan 70. hamarkadatik hasita eman izan dituztela euskara klaseak; hala ere, aurtengo ikasturtearen berezitasun bat nabarmendu zuen, «lehen aldiz Azkoitiko AEK-ren gela desplazatu bat izatetik Zestoako Euskaltegia izatera pasatu delako».
Udaleko Euskara teknikariak euskara ikasteko premiazkotzat jotzen dituen balioak aipatu zituen: «Gogoa, ahalegina eta ingurukoen, zestoarren, laguntza».
Mertxe Mujikak Udalak Euskaltegiaren alde egindako «lana» goraipatu zuten. Eskerrik handiena, hala ere, ikasleek jaso zuten; «eskerrak batez ere, zuei, ikasleei, gure hizkuntza ikastera animatzeagatik eta egiten duzuen ahaleginagatik. Zuek gabe, ez litzateke hau posible izango».
29 ikasle guztira
Guztira 29 ikasle izango ditu ikasturte honetan Euskaltegiak. Hala ere, ateak zabalik dituzte euskara ikasi nahi dutenentzako.
14 ikasle matrikulatu dira autoikaskuntzan, era guztietako profilekoak: euskaldun berriak, lanagatik titulu beharrean daudenak, erretiratuak edota alfabetatu nahi dutenak.
Bestetik, aurrez aurreko bi talde osatu dituzte; hasiera maila edo hutsetik hasiko direnen taldea eta euskara ikasten iaz edo duela pare bat urte hasitakoena.