Etxaideren omenaldian udalak parte hartu ez izana salatu du EH Bilduk

Ana Abarisketa 2015eko urriaren 7a

Irailaren 26an Xabin Etxaide zenari omenaldia egin zioten Zestoan, GALek Baionako Monbar Hotelean egindako atentatuan tiroz hil zueneko 30. urteurrenean. Urtemuga gogoan, hainbat ekitaldi antolatu zituzten Zestoan egunean zehar. Horren harira, Josetxo ...

Irailaren 26an Xabin Etxaide zenari omenaldia egin zioten Zestoan, GALek Baionako Monbar Hotelean egindako atentatuan tiroz hil zueneko 30. urteurrenean. Urtemuga gogoan, hainbat ekitaldi antolatu zituzten Zestoan egunean zehar. Horren harira, Josetxo Mendizabal alkatearen eta udal gobernuaren «axolagabekeria» salatu du Zestoako EH Bilduk. Izan ere, koalizioak azaldu duenez, «EAJk ez du ez adierazpenik egin, ez oroimen ekitaldietan parte hartu, ezta bestelako keinu txikienik egin ere».

Prentsa ohar bidez, EH Bilduk jakinarazi du ez duela ulertzen Zestoako Udalaren jarrera. Izan ere, irailaren 4an Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak biktimen herrietako alkateekin bilera bat egin zuen. Jaurlaritzak prestatutako biktimen herriz herrikako maparen aur- kezpena egin zuen orduan udal ordezkariekin. Zestoako bost biktima daude txostenean, Joxe Mari Korta eta Xabin Etxaide tartean. Eta, hain zuzen, Joxe Mari Kortaren oroimenez —ETAk bonba-auto batekin hil zuen 2000ko abuztuaren 8an— udalak ekitaldia egin zuela gogorarazi du EH Bilduk. Horregatik, «ulergaitza» eta «larria» iritzi dio koalizioak Xabin Etxaideren hilketaren urtemugan Zestoako udal gobernuak izandako jarrera.

Hori dela-eta, «arduraz» jokatzeko eskatu dio koalizioak Zestoako alkateari. «Gure ustez, erakunde publiko batek, Zestoako kasuan bezala, behin urratsa emanda, inongo biktimarik baztertzea ez da onargarria eta iraganeko zauriak era duin batean orbaindu nahi badira, alkateari falta izan zaion nortasunaz eta ausardiaz jokatzeko eskatzen diogu».

Prentsa ohar horretan «elkarlanerako prest» dagoela ere azpimarratu du Zestoako EH Bilduk, «dagozkigun ardurak geure eginik, indarkeriak eragindako biktimen aldeko aitorpenerako elkarlanean» aritu nahi dutela jakinarazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide