Xabin Etxaideren omenaldian Zestoako udal gobernuak parte hartu ez izana salatu du EH Bilduk

Zestoako Hitza 2015eko urriaren 1a

Pasa den larunbatean, irailaren 26an, Xabin Etxaide zenari omenaldia egin zioten Zestoan, GALek Baionako Monbar Hotelean egindako atentatuan tiroz hil zueneko 30. urteurrenean. Urtemuga gogoan hainbat ekitaldi antolatu zituzten Zestoan egunean zehar. Honen harira, Josetxo Mendizabal alkatearen eta udal gobernuaren "axolagabekeria" salatu du Zestoako EH Bilduk, azaldu duenez EAJk ez duelako "ez adierazpenik, ez oroimen ekitaldietan parte hartu, eta ezta keinu txikienik egin ere".

Prentsa oharrean aurten izandako bizpahiru gertaera nagusi azpirratu ditu EH Bilduk. Batetik, Joxe Mari Kortaren oroimenez —ETAk bonba-auto batekin hil zuen 2000ko abuztuaren 8an— udalak egindako oroimen ekitaldia, eta bestetik, irailaren 4an, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, biktimen herrietako alkateekin izandako bilera. Jaurlaritzak prestatutako biktimen herriz herrikako maparen aurkezpena azaldu zien orduan udal ordezkariei. Zestoako bost biktima daude txostenean, Joxe Mari Korta eta Xabin Etxaide tartean, ondorioz, "ulergaitza" eta "larria" jo du koalizioak Etxaideren hilketaren urtemugan izandako Zestoako udal gobernuak izandako jarrera.

Hori dela eta, "arduraz" jokatzeko eskatu dio EH Bilduk Zestoako alkateari. "Gure ustez, erakunde publiko batek, Zestoako kasuan bezala, behin urratsa emanda, inongo biktimarik baztertzea ez da onargarria eta iraganeko zauriak era duin batean orbandu nahi badira, alkateari falta izan zaion nortasunaz eta ausardiaz jokatzeko eskatzen diogu".

Biktimei aitorpena

Prentsa oharrean "elkarlanerako" prest dagoela gogorarazi du Zestoako EH Bilduk, "dagokion ardurak bere eginik, indarkeriak eragindako biktimen aldeko aitorpenerako elkarlanean" aritu nahi dutela jakinaraziz.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide